Asteko txisteak

artzaina 1

Artzaina eta kaletarra

Kaletar espabilatu bat behin mendi aldean zebilen eguraldi bikaina aprobetxatuz eta, horretan, artzain batekin egin zuen topo. Hasi zaio hizketan, artzain gizajoarekin barre pixka bat egiteko asmoz.
– Eguraldi ederra gaur!
– Bai halaxe dago ba – artzainak.
– Zenbat ardi dauzkazu?
– Larrean dabiltzan denak – artzainak ez baitu behin ere ardien zenbakirik ematen.
– Ikusten dut ardi zurien artean badituzula beltzak ere – kaletarra berean berriro.
– Bai denetik hor ere, pertsonen artean bezala.
Iritzi dio artzainari ez dagoela gauza zehatz asko esateko, baina galdera zehatzagoekin hasten zaio zurikeria pixka bat eginez.
– Ardi ederrak dauzkazu. Belar asko jaten al dute egunean zehar zure ardiek?
– Zeinek, zuriek ala beltzek?
– Zuriek.
– Bai zuriek 7 kilo inguru.
– Eta beltzek?
– Baita beltzek ere, beste horrenbeste hor nonbait.
Jolasean sartzen da kaletarra bera ere eta jarraitu egiten dio galderak egiten:
– Esnea ere ondo emango dute hemen goiko larre hauekin.
– Zeinek, zuriek ala beltzek?
– Beltzek – oraingoan ordena aldatu dio.
– Beltzek, 3 bat litro bai.
– Eta zuriek?
– Baita zuriek ere.
– Eta artilerik gehiena?
– Zeinek, zuriek ala beltzek? – galdera bera berriro.
– Zuriek.
– 5 kilo inguru.
– Eta beltzek?
– Baita beltzek ere.
Kaletarra amorrarazten hasita ordurako, adarra jotzen ari ote zaion susmoa hartuta, esaten dio:
– Gauza denetan berdinak badira zer dela eta bereizten dituzu beti eta galdetzen didazu, zuriak ala beltzak?
– Ba, normala. Zuriak neureak dira-eta.
– A, bai? Eta beltzak?
– Baita beltzak ere.
Izan ere, beti ez baitu adarra jotzen, nahi duenak, ahal duenak baizik.

plantxa

Kontuz plantxarekin

Errioxako mapa aurpegian marraztuta zuen zurrutero bat badoa kalean behera, eta bere antzeko beste batekin egin zuen topo. Hau berehala konturatu zen lagunak bi belarriak haragi bizian zituela eta galdetzen dio:
– Aiskiria, ze gertatu zaik?
– Nire andreak plantxa piztuta utzi dik sukaldean eta telefonoa jo duenean ustekabean plantxa eraman diat belarrira, telefonoa zelakoan.
– Bai, eta beste belarria?
Zurruteroak haserretuta:
– Ergel madarikatuak berriro deitu ez zidak ba!