Emakumeen aurkako indarkeria

erazoa

Bilgune feministakoekin elkarrizketa lll

Baigera: Azken hilabeteetan emakumeen aurka eman diren erasoak direla eta zurrumurru asko sortu da bailaran. Zer diozue?

Emakumeon aurkako indarkeria kasu ezberdinak eman dira, eta hauek publikoki salatu dira. Hori beharrezkoa iruditu zaigu, izan ere, ezin dugu onartu emakumeekiko egiten den indarkeria naturaltasunez isiltzea.

Garbi esan behar da, gizartean barneratuta dauden balio matxisten ondorio zuzenak direla, alegia, ez dela ero bat edo biren kontua.

Oso ezberdina da txikitatik nola hezten gaituzten. Adibidez, txikitan mutilei “action man”ak oparitzen zaizkie, marrazki bizidunetako gerra eta borroketako protagonistak mutilak dira beti. Ezin dute negar egin, baina haserretu eta oldarkor jarri bai. Salbuespena da eskolako patioan bi neska borrokan ikustea, aldiz bi mutil bai, ia ondo ikusia dagola esan genezake. Nolabait, mutilek indarkeria erabiltzeko zilegitasuna dute eta emakumeok menpekoak eta esanekoak izan behar dugu. Mutil gaztetxoen zenbait futbol partidetan guraso askoren jarrera kusi besterik ez dago hau baieztatzeko. Lotsa ematen du.

Ondorioz, gure eskola eta familietan hazitako eta hezitako gizonek indarkeria bera erabiltzen dute sarri, emakumeok zapaltzeko eta emakumeongandik nahi dutena lortzeko.

Aipatu beharra dago emakumeon kontrako indarkeria, kasu gehienetan, EZAGUNEN artean ematen dela, bestela badiote ere, familiakoen, lagunen edota ikaskide eta lankideen artean. Kasu hauetan publikoki salatzea zaila egiten da, lotura afektiboengatik, erasoak identifikatzeko eta erasotuak izan garela onartzeko ditugun zailtasunengatik edo jendeak emakumeon hitza zalantzan jarri eta gizonari arrazoia emateko beldurragatik.

Baigera: Ze irtenbide planteatzen duzue?

Guk argi dugu erasoen aurrean ezinbestekoa dugula autodefentsa feminista bultzatzea. Nolabait geure buruak defendatzeko gai garela sinets araztea, teknika ezberdinak erabiliz eta jendearen elkartasuna bilatuz. Eraso guztiei aurre egiteko, baita egunerokotasunean isilik pasatzen direnei ere.

Baina hori ez da aski, hemen gizarte feminista bat eraiki behar da, non emakumeek eta gizonek egindako lana ez den sexuaren arabera banatuko ezta errekonozitu edo baloratuko ere. Pertsonen sexu identitateak (emakumeak, gizonak, transexualak, intersexualak…) edo etniak (zuriak, beltzak, horiak) inongo garrantzirik ez duen herri batean bizi garenean lortuko dugu emakumeon aurkako indarkeriarekin bukatzea.

Horretarako garrantzitsua da lehen aipatutako heziketa, prebentzioa ikastetxeetan, autodefentsa emakumeetan eta kontzientziazioa gizarte osoan, bereziki lehen aipatutako balio matxista horiek guztiak sostengatzen dituzten telebista programa, pelikula, bideojoko, jostailu, ikasliburu, etab., luze bat eraldatzea da bidea.