Maria Jesus Arregiren biografia

MARIA_JESUS_ARREGI_LIBURUX-300x225
Eskuratu berria dugu LIBURUXKA BIOGRAFIKAOK  sailean Uztarriak argitaratu duen azken alea. Eneritz Albizuk idatzi du MARIA JESUS ARREGIri buruz.
Oso ezaguna dugu Maria Jesus BAIGERAko guztiok, bai elkarteko hainbat ekintzaren bultzatzaile eta animatzaile izan delako eta baita hainbat urtetan Batzordeko kide izan delako ere. BAIGERAn ez ezik, Azpeitiko herrian ere zeinek ez du ezagutzen Maria Jesus.
Uztarriak argitaratu digun liburuxka honek ere Maria Jesusen ibilbideko hainbat zertzelada gogoratu dizkigu: bere sorrera familia, txikitako pasadizoak, kanturako txikitatik zuen zaletasuna, Unai Hirukoa, Unai Bikoaren eta bakarkako abesti, disko eta kontzertuak, Andoni Albizuri, senar-zena, eta Rafael  Rezabal eta ingurukoekin Historiaurreko aztarnen bila bizitakoak, Ekaingo kobazuloko pintura ezagunak barne, Andoni Albizurirekin osatutako familia eta familiako pasadizoak, biloben xarma bizitzerainokoak…
Maria Jesusen bizipen pertsonalez gain, bere gizarte jarduerak ere aipatzen dira liburuxkan, lagunarte eta festa giroak, festazalea baita oso Maria Jesus, eta hainbat gizarte ekintzari buruzkoak, hala nola, Parrokiako Batzordean kolaboratzaile, espetxe pastoraleko kide, presoei laguntza, babesa eta hurbiltasuna eskainiz, Elkarri-Lokarriko Azpeitiko sortzaile eta bultzagile… Pentsa Indian boluntario ere aritua da Maria Jesus.
Oso erraz, di-da batean, irakurtzen den liburuxka da Maria Jesus Arregirena.
BAIGERAren partetik, zorionak Maria Jesus; eskerrik asko jubilatuon elkarteari eskaini diozunagatik eta, oraindik ere eskaintzen ari zarenarengatik eta aurrerantzean ere jarrai dezazula honelaxe urte luzez, bai BAIGERAn eta baita herriko hainbat jardunetan ere.