jubilatuak eta kirola

captura

      Baigerako talde bat Iga de Monreal mendian.

                       Garrantzitsua urteei bizitza ematea da, ez urteak bizitzari.
Ez dago esan beharrik jubilazioak (erretiroak) bizitzako etapa berri baten atarian jartzen gaituela. Hala ere ez dago esaterik guztiok jarrera berdina hartzen dugunik jubilazioaren (erretiroaren) aurrean. Badira lantokiak jubilaziorako (erretirorako) prestaketa bereziak egiten dituztenak lan aldia bukatu aurretik. Gomendagarria da jubilatu aurretik ondorenerako plan bat zentzuz egitea. Aurrez egiterik izan ez duen bizitzako plan bat norbere gustu eta afizioen araberakoa, noski, ahalmen ekonomiko, fisiko eta familiakoak kontuan izanda. Lanean ari dela egindako ametsak errealitate bilakatzeko une egokia izan daiteke.
Lehentxeago edo geroxeago denoi iristen zaigu jubilatzeko garaia. Jubilazioa (erretiroa), langileriaren gizarte “aurreratuetako” lorpen garrantzitsu bat da. Bizitzako lanaldian kotizatutakoaren arabera berau bukatutakoan ematen den sostengu ekonomikoa (gehienean urria). 65 urtean dago gurean muga hori ezarrita, baina pertsona asko dabil horren goitik zein behetik.
Orokorrean, jubilazioa (erretiroa), gehienean abantaila bezala ospatzen da. Pozaldi (jubilotik dator hitza) horrek ordea ez ditu beti onura berdinak ekartzen guztiontzat askotan, itxuraz bestelakoa badirudi ere.
Laneko aldiari (eguneroko estresa, denboraren okupazioa, bizitzari zentzua, harreman sozialak, autoestimua, lanaren baloreak, etab.) kolpetik uztea, uste gabean askotan, eta aldi berria ondo planifikatu gabe edukitzeak, benetako trauma sortu dezake eta osasun arazo psikiko ugari. Arazo txikiak ere sarri handi bilakatzen dira. Eguneroko laneko ibiliak derrigorrez eginarazten zizkigun ariketa fisiko asko kolpetik uzteak eta aldi berrian ezer egin gabe egoteak ondorio fisiko larriak ekartzen ditu osasunean..
Urteak azkar doaz eta osasuna eta sasoia zaintzea komeni da,  kirola egitea gomendagarria da, autoestimua igo egiten du. Oreka mantentzen eta erorketak ekiditen laguntzen du. Horretarako, bada Azpeitian hainbat udal kiroldegi eta igerileku, prestazio onekin, igeriketa eta ariketa fisikoak (gimnasia) etb., egiteko.
Ba dugu bide gorria (luxu bat) ezker eskuin, lagunartean egunero pasieran egiteko edo bizikletaz zeharkaldiak eginaz gozatzeko. Noizean behin Erlo bezalako mendi bat igotzea bezain osasuntsua da egunero Azkoititik lagunekin buelta bat egitea. Edo bizikletan lauan ibiltzea. Erregulartasunak du garrantzia, noizean behingo azañek kaltea gehiago dakarte mesedea baino. Baigeran ere bada kirola egiteko modurik: gimnasia, yoga, mendi irteerak, etab.
Azpeitiarrok orokorrean dantzari gisa ospe handirik ez dugun arren, bada jubilatu talde bat astero dantzan ikasten saiatzen dena.
Kirol guztiak dira gomendagarriak batik bat taldean egiten direnak eta bihotzari esfortzu gehiegi eragiten ez diotenak. Esfortzu zakarrak eragiten dituzten kirolak, esku-pilota, futbola, lasterka, etab, ez dira gomendagarriak, aurrez sarri egin ez badira. Dena dela, aurrez kirola egiteko ohiturarik izan ez dutenek ezinbestekoa dute mediku azterketa sakon bat egitea. Kontuan izan ez dagoela kirola egiteko adinik. Adin bakoitzari egoki dagokiona bilatu behar
Kirola egiteak ariketa fisikoa egitea baino zerbait gehiago izan behar du. Mendi buelta bat eginda gero mokadu bat lagun artean egitea, bizikletan goazela paisaia ederrak ikustea, pasieran goazenean lagun berriak egitea, nonahi ere lagunak egitea. Baserritarrekin hizketaldiak egitea, animali, hegazti, zuhaitz… naturaren altxorrak dastatzea, hori da hori kirola egitea!

One thought on “jubilatuak eta kirola

Erantzunak itxita daude.