Asteko txisteak

Artzaina

Artzain mozorrotua

Behin batean Arantzazuko fraideen burua, ataka larri samarrean zegoen, Oñatitik Arantzazurako bidea oso hondatua zegoen eta berritzeko modua bilatu nahi zuen nolabait, eta horretarako Oñatiko alkatearekin hitz egitera bidali zuen fraideetako bat. Hala eman zizkion aginduak: bidea oso gaizki zegoela, istripu arrisku handia zegoela eta hura konpondu egin behar zela lehenbailehen oker handiagorik gertatu baino lehen. Bueltan Oñatiko alkatearen mezua ekarri zion fraide-buruari: alkateak berak egindako hiru galdera ongi erantzuten bazituen udalak konponduko zuela bidea, baina hiru galderak zuzen erantzutea zen ezinbesteko baldintza.

Bildu dira Arantzazuko fraideak eta hasi dira aztertzen zein izan zitekeen lan horretarako egokiena, zer estrategia eraman, etab., baina ziurtasun gutxi, eta erantzun okerra emanez gero lotsagarri gelditzeko arriskua. Tokitan geldituko zen fraideen ospea!

Horretan ari zirela, Urbiako kapilauak bota zuen ideiarik egokiena: Urbian bazegoela artzain oso argi bat eta bera izan zitekeela horretarako aproposena. Fraide sotana eta sandaliak jantzi eta bera bidaliko zuten Oñatiko alkatearen hiru galderak erantzutera. Galderaren bat huts egiten bazuen, artzaina zela esango zuten eta horrela ez ziren fraideak lotsagarri geldituko.

Hitz egin du kapilauak artzainarekin eta hau ere konforme joko horretan sartzeko. Jaitsi da artzaina Arantzazura, jantzi dute dotore asko, sotanarik berrienarekin, ondo garbitu eta apainduta hor bidali dute Oñatiko alkatearengana, beintizinko baino dotoreago.

Sarreran aurkeztu du “fraideak” bere burua eta eraman dute alkatearengana. Elkar agurtu dute eta

–        Zu aukeratu zaituzte orduan nire hiru galderak erantzuteko? – alkateak.

–        Bai, jauna! Niri esan didate. Asmatuko al dut ongi erantzuten.

–        Hala espero dut, bestela ez dago konponketarik. Hara hemen nire lehen galdera: Zenbat otarraka lur dauzka Aizkorriko mendiak?

–        Bat – erantzun zion azkar asko “fraideak”–, otarra behar neurri hartakoa.

Ez zuen asko espero halako erantzunik alkateak, baina erantzuna zuzena zen.

–        Ondo, oso ondo erantzun duzu – esan  zion. – Argia zara zu, inola ere. Ea bigarrena asmatzen didazun: Zenbat bide dago Oñatitik Arantzazura?

Pixka batean egon zen pentsatzen “fraidea” eta erantzun zion:

–        Arantzazutik Oñatira hainaxe justu.

Alkateak kopeta zimurtu zuen. Ez zuen asko uste hain tipo argia izango zenik Arantzazutik etorritako fraide hura, ez baitzeukan halako jakintsu itxurarik. Lehen galdera ez ezik bigarrena ere uste ez bezalako erantzuna zen baina zuzena alajaina!

–        Ongi ez, bikain asmatu dituzu lehen bi galderak, baina orain dator zailena, eta hirurak asmatu behar dira bidea konpontzekotan. Hara hirugarrena: Ni zer pentsatzen ari naizen asmatu behar duzu – irribarre maltzur batekin amaitu zuen galdera alkateak.

Pixka batean pentsatzen egon zen “fraidea”, ez askorik, eta hor bota zion sententzia:

–        Ba oker ez banago, ni fraidea naizela pentsatzen ariko zara zu, baina badaukazu deskuidu ederra, ni Urbiko artzaina naiz, joan dan berrogei urtean.

Ez zuen asko usteko Oñatiko alkateak hain tipo argia bidaliko ziotenik, Arantzazuko fraideek, baina agindu zuen eta orain bete egin behar. Hala konpondu omen zuten Arantzazuko fraideek, garai hartan, Oñatitik Arantzazurako bidea, Oñatiko udalaren kontura.

indizea

Loiolaraino

Bazen gizon bat, ez noa nongoa zen esatera inor ez mintzeko, bakoitzak pentsa dezala zein herritakoa izan zitekeen. Gizon hori beti bizi izan zen oso pozik begi-bista oso ona zuelako. Baina urteak pasa eta nahi bezain ondo ikusi ezinda jarri zen. Amorrarazita zegoen bere ondo ikusi ezinarekin. Jakin zuen non zegoen optika etxea herrian eta han joan zen gure gizona bere arazoaren konponbide bila.

–        Egun, on! Zuk esango duzu ba gizon, zer behar duzu? – dendariak.

–        Antiojuak behar ditut, ez det ondo ikusten-eta. Bista ona izan det nik nire bizitzan baina orain ikusi ezinez nabil.

–        Gerturako ala urrutirako behar dituzu? – dendariak galdera berriro.

–        Loiolaraino joateko.