Azpeitiarrok inoiz baino azpeitiarrago

P1060532_content
Duela gutxi aipatzen genuen azpeitiarren festazale fama. Etenik gabeko txosna bat zirudiela Azpeitiak zioen beste batek. Santo Tomasak pasa orduko heldu zaizkigu San Sebastianak.

Donostiarrei zenbait gauza ikasi arren geure geurea bezala maite dugun festa da San Sebastian eguna. Inoiz ez gara azpeitiarrok egun horretan baino azpeitiarrago sentitzen. Barrenean daramagun harro punttu hori pozik azaleratzen zaigula dirudi. Beti tente, burua goian, donostiarren inbidiarik gabe. Jan-edan ona eta dotorezia ez dira falta izan aurten ere.

Bezperako danborradako jantzien koloreak inoiz baino distira gehiago egin du. Herriko enparantza nagusia danbor jolez betetzean eta udaletxeko erloju zaharrak gaueko 12:00ak jotzean ikuskizun paregabea bilakatu da aurten ere. Argazkilari askoren jomuga eta herritar eta ingurukoen begien gozamen. A ze espektakulua Azpeitiko plazarena! Maiz hutsik eta kotxez beteta, itsusi, zaharkitu eta triste egon ohi den herriko enparantza, alai, dotore eta gazte sentitu da une batez, magiak jota bezala.

Herri osoak dar-dar egiteraino jo dute danborzaleek, kiosko gaineko herriko bandaren doinuen agindura. Erloju zaharrak 12:00ak jotzean, San Sebastianen ereserkiaren doinuek herri guztiaren bihotzak unkitu dituzte, eta begiak malkoz busti. Zahar eta gazte, aberats eta pobre, bateko edo besteko, kanpoko zein bertako: une batez, minutu batez, denok inoiz baino berdinago sentitu gara, denok azpeitiar sentitu gara, inoiz baino azpeitiarrago.

Ilusioak zenbat balio duen. Bizitzeko ilusioak, festarako ilusioak, ondo pasatzeko ilusioak, une batez bederen batu egiten gaitu. Aurreko sestrak txiki bilakatu dira, deus ez. Gaueko 12:00etan, festak denok elkartu gaitu.

Igaro da festa, eta inoiz baino mikatzagoa izan da aurtengo erresaka. Esnatu gara errealitatera, dena amets bat izan da, amets eder bat, oso laburra, amets eder guztiak bezala. Heldu gara errealitatera, eta gogorra izaten da urte hasierako aldapa. Gero, ordea, ordeka etorriko da, aurtengo urtea hobea izango omen da. Kontuak kontu, eutsi goiari, berehala datoz Inauteriak-eta.