Murrizketaren aurka eta duintasunaren alde

IMG_4706

Espainiako gobernuaren erasoa gogorra izan da 2013ko urtean. Banka-etxe handi eta enpresa farmazeutiko multinazionalei laguntzea izan du helburu. Murrizketa berriren baten mehatxupean bizi izan gara astero, eta jubilatuok ez gara hortik salbu egon. Pentsioen izoztea eta botiken berrordainketa izan dira horren lekuko.

Bailarako jubilatuok gure haserrea eta desadostasuna agertzeko plazan agerraldia egin genuen bailarako jubilatuen egunean, eta ondoren komunikatua irakurri.

Hara hemen komunikatua:

Bailarako jubilatuen bilkura

 Bilkura honen bidez Estatuko gobernua gure pentsioekin eta osasun zerbitzuekin hartzen ari den neurrien aurrean gure desadostasuna agertzen dugu.

 Bailarako jubilatuok: Azpeitiko Baigera elkartea, Azkoitiko Plaza Ondo eta Zestoako Gurutze elkarteak bat egiten dugu ondorengo puntuekin:

  1. Gure pentsioak izozteak nabarmen bere debaluazioa dakar, % 20 inguru, izan ere, bizitzako oinarrizko diren baliabideak igo diren neurrian ez dira pentsioak igo. Ez dugu onartzen pentsioak eta osasun zerbitzua pribatizatzeko egiten ari diren ahalegina eta kezkatuta gaude biharko gure eta ondorengoen pentsio eta osasun zerbitzuarekin.
  2. Langabeziaren ondorioz,  jubilatuon lana eta pentsioak ari dira famili askotako sostengu bilakatzen. Aisialdirako denbora eta ahalmena guri kenduz.
  3. Orain dela gutxi ezarri diguten botiken  “kopago” edo berrodainketaren ondorioak nabarmenak dira poltsikotik ordaintzeko orduan eta larriena adinean aurrera doazenen kasua da hauek bai dira osasun zerbitzua gehien erabiltzen dutenak.
  4. Historian adinik handiena bizitzea lortu den une honetan, neurriok edadekoen bizi baldintzen degradazioa suposatzen dute. Atzera pauso handia lortutako eskubideetan.
  5. Datuak gordinak dira: 700 € baino gutxiagoko pentsioa dute emakume alargun gehienak eta  1000 €koa da batez besteko pentsioa.
  6. Bestalde gure elkartasuna adierazi nahi diegu bailaran langabezian gelditu diren langileei, lan bila dabiltzan gazteei, etorkinei, emakumeei eta egoera larrian etxean isilik aurkitzen direnei.
  7. Eta bukatzeko, gure gobernuari exijitzen diogu aurre egiteko Madrildik datozen murrizketa neurriei eta Euskal Herriak behar duen osasun eta pentsio sistema propio bat defenda dezala.

Jubilatuok ez dugu bazterketarik eta injustiziarik onartuko eta bizitzako baldintza duin batzuen alde ahaleginduko gara.

  • Banketxe handiei diru laguntza eta guretzako murrizketa?
  • Pentsiodunen diru sarreran murrizketarik ez.
  • Gure bizi kalitatea txartu nahi dute.
  • Murrizketek pobrezia gehitu dute.
  • Pentsio murrizketa eta kopagorik ez.
  • Geure eta ondorengoen etorkizuna defenda dezagun.