Irailean Elkar-ekinek antolatu zuen bigarren eskuko azokaren arrakasta ikusita, urte bukaerako data berezi hauetan bigarren eskuko jostailuen azoka antolatu du.
Itsu-itsuan zentzurik gabe kontsumitzera bultzatu nahi gaituzten egun hauetan zenbait gogoeta eta jarrera aldaketa egitera gonbidatu nahi izan gaituzte Elkar-ekin taldekoek.
1. Etxe askotan bazterrean utzita zeuden umeen jostailu, bizikleta, liburu, eskolako material, eta arropak Udalak Sanjuandegin eta Soreasun dituen lokaletan bildu ditu, aurrekoan ez bezala dohan izan da. Jostailuak beharra duten haurrei prezio merkean saldu dizkie eta bildu den dirua Elkar-ekinek bere zeregin sozialetarako erabiliko du. Behar handiena duten herriko haurrek Udaleko gizarte zerbitzuak emandako bonoa ekarri dute (100etik gora dira) eta jostailuak doan eraman dituzte. Bost gauza baino gehiago ezin izan du batek eraman.
2. Jostailu sexistarik ez dute onartu, ez eta emakumeen irudia desitxuratzen duenik ere. Bortxara bideratuak daudenak ez dituzte onartu. Norbaitek jostailuak azokan uzteko asmoarekin erosi baditu, herrian erosteko gonbidapena egiten dute.
3. Data berezi hauetan haurrak kontsumo arduratsuan hezitzera gonbidatu dute: beharrezko gauzak bakarrik erosiz, aurreko urtekoak behar handiena dutenei utziz, zaborretara bota beharrean berrerabiliz.
Azpeitian, gehienok, asko edo gutxi, krisiak harrapatuta gaudela gogoratu dute. Data hauetan haurrek zenbait balore presente izatearen garrantzia azpimarratu dute: Opariak egiteko garaian, bazkari eta afariak antolatzeko orduan, gehiegikeriak utzi eta nor bera bere egoeraren jabe izatea, ingurukoei eta kaleko eta telebistako publizitateei kasurik egin gabe. Herritar askoren egoera kontuan izatea eta elkartasuna adieraztea, beharrezkoa dela diote.
Salmenta ona izan da, 650 jostailu saldu dituzte. Mila esker laguntzera etorri diren guztiei, bereziki Baigerakoei.