Jubilatuak eta teknologi berriak

imagesCASAU200

Adinekook pausoa aldatuta harrapatu gaituzte teknologia berriek eta komunikazio arloan atzean ari gara gelditzen. Interneta, sare sozialak (Facebook, Twitter…) eta horrelakoak arrotz egiten zaizkigu, badirudi ez direla guretzat eginak.
Gaur egunean, edozein lekutan eskatzen digute posta elektronikoaren helbidea. Banketxeetako diru gorabeherak, argi-indar eta telefono fakturen ordainketak ordenagailuz egiteko esaten digute eta gu noraezean. Osasun historiala bera ere ordenagailuan begiratzeko esaten digute eta gu askotan galduta.
Euskal Autonomi Erkidegoan, Arartekoaren datuen arabera, adinak zer ikusi handia du Informazio eta Komunikazio Teknologia (IKT) berriak etxean izateko garaian: 65 eta 70 urte bitarteko pertsonak bizi diren etxebizitzen %70ak ez du ordenagailurik eta %73k ez du Internet konexiorik. Urrun gaude Norvegia, Danimarka edo Herbehereak bezalako herrialdeekin konparatuz gero, horietan, 65 eta 70 urte tarte horretakoen %70a da ohiko Internet erabiltzailea.
Datu hauek, gazteek teknologia berriekin duten harremanarekin, eta askotan menpekotasunarekin, alderatzen baditugu, kontrastea nabarmena da. Gaurko gazteak egun osoan mugikorrari begira bizi dira, adineko gehienok iraultza teknologikotik nahiko urruti gelditu garen bitartean. Gazteak teknologia hauekin pasatu egiten dira eta guk, adinekook, aldiz, paso ematen diegu. Hemen gabiltza informatikaren olatuak harrapatuta, itolarrian irten ezinda.
Baina zergatik dugu adinekook ordenagailua eta antzekoak erabiltzeko horrenbesteko beldurra, gazteak egun osoan itsatsita (kateatuta) dauden bitartean? Ez daukagu esku artean gai hau jorratu duen ikerketa sakonik. Hori ezean, geure iritzi batzuk emango ditugu, soilik:
Gaur jubilatzen ari den jende askok, lanean aritu izan den garaian, izan du harremana ordenagailuarekin, gehiago edo gutxiago, maiz bere laneko tresna izan du gainera. Beraz, ezagutza apur bat ba duela esan genezake. Jubilatu ondoren, ordea, lan-aro horrekin guztiz moztu nahi du eta ez du ezer jakin nahi laneko tresna horiekin.
Erabiltzearen faltaz, gainera, galdu egin du bere ahalmen teknikoa ere, erabiltzeari utzi egin baitio, beharrik ikusten ez duelako, batzuetan ezer “interesgarririk” ez dagoelako, edo ezjakintasunagatik, bilatzeko gai ere ez delako. Beharbada, komunikazio digitalak adinekoontzat dituen abantailen berri inork eman ez digulako. Izango da behar bada gizarteak, orokorrean, gaur egun bizi duen estresik guk ez dugulako ere. Guk, egunero, tabernan kafetxo bat hartuz egunkaria irakurtzeko beta har dezakegu, beste askok zorte on hori ez dutenean.
Dena dela, bazterrean gelditu nahi ez badugu, hasi beharrean gaude etxetik kontu korrontearen gora beherak ikusten, bankuko leihatilan zain egon beharrean, edo Kanarietara oporretara joandakoan etxekoei whatsappak bidaltzen.
Baigeraren erronketako bat da, beste askoren artean, bere bazkideei zein herriko adinekoei baliabideak eskaintzea, KZ gunea eta abarren bitartez.
Bitarteko berriak jorratzeko asmoa ere badugu: Baigera.net web orria. Baigerako bazkideen harremana hobetzeko, parte hartzea gehitzeko, elkartearen berriak jasotzeko, gure arazoez jabetzeko, herriko berri izateko, denbora pasak partekatzeko, dibertitzeko… leku bat da. Goza ezazu.