Amets Arzallus Antia

amets_content

Sanagustin 2014.01.07
6. “Aho bizarrik gabe” solasaldia.
AMETS ARZALLUS ANTIA
Elkarrizketatzaile: Estitxu Elduaien Uranga

Euskal Herriko txapeldun:
Abenduaren 15ean Euskal Herriko txapeldun izendatu zutenetik, pozik horregatik, baina etapa hori ixteko gogoz etorri zen Azpeitira, neke puntu batekin.
Txapeldunaren ingurura etortzen diren zenbaiti hirugarren begiz ere begiratzen ikasi du, zerbaiten bila etortzen direnak ere bai baitira.
Dena den, bera ezezagunek emandako zorionek hunkitu dute bereziki. Zarautzen, 9-10 urteko mutiko talde batek, parean begiratu, elkarri zerbait esan eta zorionak eman zizkiotenekoa, benetan iritsi zitzaion. Bere eta txapeldunaren arteko harremana irudikatzeko, pantailan islatzeko erabiltzen den transparentzia erabili zuen adibidetzat, eta oraindik ere bere irudia eta transparentzia ez omen datozkio bat.
Txapela ez du berak helmugatzat hartu inoiz, bera prestatzen ahaleginduta joan da finalera, baina ez gailurrera iristeko asmoz, bide batean doa bera eta ez du gailurrera iritsi nahi, gailurrera iritsitakoan itzultzea beste biderik ez baitago, bidea egitea da bere asmoa.
Bertsolaritzaren prestigioa:
Eta gaur egun bertsolariek duten prestigioaren kontura esan zuen, bere amonak Pello Errota, Txirrita edo Lazkao Txikiren kontuak kontatzen eta bertsoak kantatzerakoan baino miresmen handiagorik ez duela gaur egun ere ikusten. Orduan ere zenbaitentzat bazutela bertsolariek prestigioa.
Gaurko giro politikoa:
Aro aldaketa bat gertatu dela begien bistakoa dela baina aldaketa horren biharamunerako espero zituenak nahiko diluituta gelditu zaizkio.
Hala ere sakoneko errekak badoaz bere bidea egiten, eta gure herriko mapa osatzen.
Berak bizi duen kezka nagusi bat aipatu zuen: “zenbait formulazioren inguruan gauzak hain garbi izan arren, gainerakoan, kulturaren globalizazioa gogor ari zaigu jotzen eta horrekin kontu izan beharko genuke”.
Presoen errealitatea konpontzea urgentea dela esan zuen. Sufrimendu asko dagoela pilatua. Hortik askatu beharra daukagula aurrera egiteko.
Beste aipu bat: “Geu izateari zentzua ematen nekatu behar genuke. Euskaldun izateari heldu behar genioke”.
Iparraldea:
Iparraldeko egoeraz berriz: “doazenek daramaten hizkuntza eta datozenek dakartenaren artean egundoko amildegia dago, kalitate zein kantitate aldetik. Euskara oso hari mehe batetik zintzilik dago. Ikastola funtsezkoa da Iparraldean. Hizkuntzari eta herriaren kontzientziari eusten dion muskulua da. Hori garbi ikusi du suprefetak eta horregatik hari da oztopoak jartzen”.
Txapela iparraldera lehen aldiz joateari buruz kategorikoa izan zen: “Txapela Euskal Herrikoa da lehen bezala orain ere”. Hala ere bere txapela Iparraldean euskara eta bertsoa areagotzeko baliagarri bada ez duela berak eragozpenik jarriko.
Kazetari:
Evo Morales Boliviako presidentea elkarrizketatzea nola izan zen ere kontatu zuen. Erronka gisa hartu zutela Argian eta horretan bere osaba Manueli eman zion hura lortu izanaren meritua, Bolivian gotzaina baitzen, bera ateoa izan arren. Bere osabak zeruan eraginik badu gustatuko litzaiokeela ordu erdi bat izatea Hugo Chavezekin, edo eskatzen hasita, Xalbador eta Lazkao Txikirekin aurrez aurre egotea edo lauren artean mus partida bat jokatzea.

Hitzaldi osoa entzun nahi duenak klikatu hemen