Hiru azkoitiar trenera

Zumarraga

Joan dira hiru azkoitiar sasoiko autobusa hartu eta Zumarragako geltokira, Bartzelonara trenez joateko asmotan. 22:30ak aldera iritsi dira bertara eta galdetu diote geltoki-buruari noiz duten trena, eta honek 23:30etan dutela.
Lasai, hartzen dituzte txartelak eta joan dira tabernara. Han trago eta kontu azkar pasa zaie ordubetea. Pixka bat berdoztu ere bai azkenerako. Trena iritsi da, geltoki-buruak eman dio martxako agindua eta hor konturatu da hiru azkoitiarrak falta direla. Joan da kantinara eta esan die:
– Bartzelonarako zuen trena abiatu da!
Hori esateaz bat hasi dira hiru azkoitiarrak korrika. Lehenbizikoa nahiko ongi sartu da trenera. Bigarrena larri, ia zapatak galdu beharrean, baina barrura hau ere. Hirugarrena trabatu da bidean eta egundoko muturrekoa hartuta gelditu da lurrean aurpegia odoletan, eta trenak ospa. Geltoki-burua hurbildu zaio errukiturik eta altxatzen laguntzen hasten zaio, daukan planta negargarria ikusita.
Lurrean dagoena, eseri lurrean eta hor hasten da bat-batean barrez lehertzen.
Geltoki-buruak ikusten duena sinetsi ezinez, esaten dio:
– Hi ez hago burutik sano, hartu duan muturrekoa eta oraindik barrez ari haiz?
– Hik ere egingo huke jakingo bahu, ni nintzela Bartzelonara joan behar zuena, haiek biak niri laguntzeagatik etorri dituk.

ERREGE BEZPERAN

Erregeak

Aita xuhurra zen nonbait eta urtarrilaren bost gauean hiru tiro bota zituen airera. Tiro hotsak entzun eta seme-alabak aitarengana etorri ziren izututa eta esan zioten:
– Aitatxo, zer izan da hori?
Eta berak erantzun:
– Hiru errege magoek tiro eman diote beren buruari.