Plazerak ez du adinik. Goza ezazu, inoiz ez da berandu eta!

cambios-fisicos-que-afectan-la-sexualidad-en-la-vejez

Gu gazte ginenean sexualitateaz hitz egitea tabua zen, bekatua ez zenean. Elizak sekulako kontrola zuen gai honekiko eta errepresio itzela erabili zuen gure artean. Orduan ereindako heziketaren kalteak orain ari gara ordaintzen.
Egun, gauzak asko aldatu dira eta gazteen artean heziketa sexuala liberalagoa dela ez dago dudarik. Alegia,  harreman sexualei buruzko heziketan, aurrera pauso nabarmenak egin direla baiezta dezakegu, baina zer iritzi dauka gizarteak, oraindik ere, adinekoen sexualitateari buruz? Zer erakusten da eskoletan gai honen inguruan? Aipatzen al da? Zer iritzi dute adinekoen seme-alabek euren gurasoen sexualitateari buruz? Zergatik da hain lotsagarria sexualitateaz adinekoen artean hitz egitea?
Erraz esaten da “sexualitatea jaiotzean hasten dela eta hiltzean amaitu”, baina kosta egiten da onartzea bizitzako zenbait etapetan, adinekoetan adibidez, sexualitateaz naturaltasunez hitz egin daitekeela eta, ez hitz egin bakarrik, harreman sexualak naturalki izan behar direla. Alegia, onuragarria dela osasunarentzako sexualitate aktiboa izatea. Fisikoki, psikologikoki eta afektiboki osasuntsu egoten laguntzen duela.
Sortu dugun gizarte ereduan, gizakia lan munduak baldintzatzen du, behin lan mundua uztean, jubilatzean, gizartean parte aktibo izateari uzten dio, zentzu honetan adinekoen sexualitateari buruz, mito, estereotipo eta aurreiritzi oker asko dago. Adibidez: adinekoek ezin dutela harreman sexualik eduki, desioa galtzen dela, ezin dutela sexualitateaz gozatu, arriskutsua dela osasunarentzat, ezkutuan ibili behar dela, etab.
Okerrena da, helduok, ontzat eman dugula, eta sinestarazi egin digutela horrela izan behar duela. Maiz, seme-alabek, gurasoei pasatzen die gauean haurren zaintza, eurek askatasun gehiago izan dezaten, pentsatuz gurasoek ez dutela zer eginik.
Paradoxa bat da, baina adinekoek seme-alaben ezkutuan (garai baten seme alabak gurasoen ezkutuan ibiltzen ziren moduan) ibili behar izaten dutela, lotsa pasa behar ez badute.
Seme-alaben harreman sexualez hitz egitea familian ondo ikusia dago, baina noiz hitz egiten da gurasoen harreman sexualez familiako mahai baten bueltan? Hori lizunkeria dela esaten da.
Ba da garaia gai hau armairutik ateratzeko.
Adinekook eskubide asko ditugu geureganatzeko. Beste edozeinek bezala sexualitateaz gozatzea adinekook dugun eskubide bat da, intimitatean, askatasunez, beldurrik eta lotsarik gabe. Gizartearen edo familiaren jazarpenik gabe, adinekook libreki maitemintzeko eskubidea dugu.
Bizi kalitateari lotuta, behar sexuala gorputzak duen behar bat da eta inportantea da hori asebetetzea. Zahartzaro aktibo bat edukitzen laguntzen du,  eta bizi kalitatea hobetzen, kirola egiteak eta dieta orekatu bat izateak bezala.
Uka ezinezkoa da urteek ez dutela barkatzen, eta urteak aurrera joan ahala aldaketak egoten direla gure gorputzean, baina mito bat da desioa galtzen dela, desioa ez da jubilatzen. Sexualitatea ugalketara bakarrik mugatzea erru handia da, edo sarketarekin bakarrik lotzea da beste mito handi bat, plazererako beste modurik ez balego bezala. Bakoitzaren ahalmenari egokitzen jakitean datza gakoa. Ahalmena, erabiliaren poderioz garatu egiten da eta bestela herdoildu.
Gorputzari goxatu bat, laztan bat, muxu bat ematea, gero eta gehiago estimatzen da adinean aurrera joan ahala. Plazerak ez du adinik.
Goza ezazu ahal duzun guztia, inoiz ez da berandu eta!