Pentsiodun guztiek gutxienez 1.080 € kobratzeko lege egitasmoa

images

(Artikulu hau Berriako 2015-11-24ko artikuluaren moldaketa da)

368.000 pentsioduni ordainak igotzeko ekimen legegilea abian jarri da. Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan aurkeztu dute proposamen ofiziala, bi ganberetako erroldan, Euskal Herriko Pentsiodunen Plataformakoek.

Pentsio guztiak hilero 1.080 eurora iristen direla bermatuko duen legea ezartzea nahi dute sustatzaileek.

Europako Agiri Sozialak kalkulatu duen gutxienekoaren % 90 da, alegia, zahartzaroan oinarrizko gastuak estaltzen direla bermatzeko egindako kalkulua. Pentsio duin bat edukitzeko pentsatzen den gutxienekoa.

Osagarriak ordaintzeko diru hori, aurrekontu publikoetatik ateratzea aurreikusten du proposamenak.

Pentsio osagarri onek eragin handia edukiko luke Hego Euskal Herrian, izan ere, ordaintzen diren pentsioen erdiak baino gehiagok (368.000 pentsiodun, %55) mila eurotik beherakoak dira. Eta 125.000 pentsiodunek hilero 550 euro baino gutxiago eskuratzen dituzte ordainen bidez.

Gaur egun, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan pentsio urrienek, alegia, diru sarrera bermatzeko errentak (703 euro hilero) eskaintzen duena baino gutxiago kobratzen dutenek, eskubidea dute kopuru horretara iristeko osagarri ekonomikoa lortzeko. Eskaera Lanbiden egin behar da.

Hala ere, herri-ekimenean eskatzen dena baino askoz gutxiago da hori, % 35 gutxiago hain zuzen.

Proposamen hau aurrera ateratzeko, ezinbestekotzat ikusten dute Hego Euskal Herrian gizarte segurantza kudeatuko duen erakunde publiko bat sortzea. Geure ahaleginaren ordaina geuk kudeatu behar dugula deritzote, hemen lan egin eta kotizatu dugulako, beraz uste dute hemen bertan eta geuk kudeatu behar ditugula gure pentsioak.

Herri-ekimen hau tramitera onartzen bada, 30.000 sinadura bildu beharko dituzte sustatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoan, eta 7.000 Nafarroan.

Erne egoteko ekimena dudarik gabe.