Jarrera sexual askearen bila

ANE MAKEDA ERUIN
ANE MAKEDA ERUIN

Udarari amaiera emanez, bagatoz zahartzaroa eta sexualitatearen inguruan hitz egiteko asmoz. Oraingo honetan, gaur egungo sexu ereduaren barnean aurki ditzakegun uste okerrez arituko gara, zehazki adin batetik aurrera (jo dezagun 65 urte) pertsonek sexu-harremanetarako izan ditzaketen desira edo nahien inguruan.

Askok pentsatu izan dugu, noizbait, gure guraso, izeba-osaba edo/eta aiton-amonek ez dutela sexu-harremanik izaten. Ez dago dudarik, pentsaera hau guztiz ohikoa dela eta, nolabait esateko, normala, baina pentsaera hori zurruna eta aldaezina denean etortzen dira gaur egun kalean entzun ditzakegun eta horrenbeste min ematen duten uste okerrak. Esterako: adin horrekin ezinezkoa da, pasa zaie beraien denbora, bihotzekoak emango die, ezin du naturala izan, eta abar.

Beraz, uste horiek zuzentzeko asmoz, gogoratu dezagun, zahartzaroan eta bizitzako beste edozein arotan sexualitatea aldakorra dela pertsona batetik bestera. Aldaketa fisiologikoak ere aldakorrak izan daitezke, eta, beraz, horren ondorioz, norberak bere sexualitateari ikuspuntu ezberdina eman. Garrantzitsua da jakitea asebetetze sexualak ez duela zertan adinarekin txikitu behar. Gainera, sexu-aktibitatea alderdi psikosozialarekin dago lotua eta ez biologikoarekin, hau da, adinak ez du eragina zertan izanik.

Bestetik, hainbat adindun, gaur egungo gizartearen ikuspuntu okerrarengatik, beraien desirak ezkutatzeko beharrarekin sentitzen dira, ingurukoek beraienganako “irudi okerra” izan ez dezaten. Izan ere, adibide gisa, adindu batek beraren desioak adierazten baditu, askotan, pertsona lizuntzat hartzen da, erdaraz ezaguna den “viejo verde” moduan.

Azkenik, zenbait ikerketa begiratzen jardun ondoren datu esanguratsuak ikus daitezke. Esaterako, 60-65 urteko emakumeen %60ak eta gizonezkoen %80ak sexuarekiko interesa dutela. Bestetik, 60-65 urte bitarteko emakumeen %49ak eta gizonezkoen % 69ak jarrera sexualak dituztela.