Mintzapraktika saioak, euskaraz eroso sentitzeko lekuak

 

IMG_5164

Mintzapraktika saioak euskara ikasteko metodo bat gehiago dira. 20 lagunek hartu dute parte Sanjuandegin, xj Auzolanean eta Elkar-ekinek antolatutako saioetan.

Bistakoa da gure herrian, batek baino gehiagok (lehen erdaldun zenak), euskara ondo menperatzen duela euskaltegia inoiz zapaldu gabe. Euskaldun berri deitura hartu gabe azpeitiar petoak izatera iritsi dira. Zorionak berauei. Egunen batean herriko aldizkariko azalean jarriko ditugu merezia dute eta.

Beste asko erdibidean gelditu dira, ez atzera ez aurrera. Lantokian, lagun artean, familian euskara asko entzun dute, hitz egin, ordea, erdizka. Edozein lekutan, edozeinen aurrean euskaraz  solasaldiak egiteko arazoak dituzte. Ez dute inoiz egin eta ez zaie horretarako leku egokirik eskaini. Maiz irri egin diegu gaizki hitz egiten dutelako, “indioek” bezala hitz egiten dutela eta antzekoak entzun dituzte, lotsa ematen die gehienei dakitena adierazteak. Harroxko tentelak gu! Beste askotan, eurek euskaraz egin digutenean erdaraz egin diegu, geure erosotasunagatik.

Mintzapraktika saioetan bilatu dute txoko bat, non inongo aurreiritzirik gabe, eroso sentitzen diren, arazo bera duten jendea elkartuta, inork iseka egiteko edo hanka sartzeko beldurrik gabe, norbait kateatzen denean, laguntzailea bultzada bat emateko prest dagoelarik, txanda eman ezin ahalako bi orduko hitz jarioa astean behin, bi orduz, kafetxo bat hartuz… behar zuten tokia bilatu dute. Bejondeiela! Zorionak berauei ere.

Beste batzuek maila baxuagoa dute, esaldiak moldatu eta buruz ikasten nahiko lan badute. Asko adinean ere aurrera doaz, ez daude aditza ikasteko. Zorionak berauei ere.

Zorionak, mintza-lagun taldea pazientziaz eta umorez hartzeagatik, ez duzue meritu makala!

Aurtengo ikastaroko saioak afari eder batekin (tokatzen zen bezala) bukatu ditugu. Afaria mintzapraktikako saio bat gehiago izan da. Afalosteko saioa saiorik onena, noski.

Orokorrean, esperientzia positiboa izan dela esan behar dugu, herrian antzekorik inoiz ez dela egin ikusirik. Denok zerbait ikasi dugulakoan, irailera arte agurtzea besterik ez zaigu geratzen. Irailean, jende, gogo eta ideia gehiagorekin hasiko gara. Ondo pasa!