Atzeraldia amaitzen denean, 30 urte izango ditugu galduak…

ATT1
Concha Caballero Baena, (Córdoba, 1956)

Filologia Hispaniarrean lizentziatua eta institutu publiko batean, Hizkuntza eta Literaturako irakasle. Duela zenbait urte, politikan jardutetik zenbait hedabidetan (El País, Por ahora, de la SER, Meridiano, de Canal Sur Televisión) azterketak eta artikuluak argitaratzera pasa zen, zorionez. Literatura zalea da. Gizarte gaiez guztiz arduratua.

2014 urteko egun batean, esnatuko gara eta krisia amaitu dela esango digute. Letra uholde handia izango da idatzia gure sufrimenduen gainean, buruhaustearen amaiera ospatuko dute, arriskua igaro dela sinets araziko digute, nahiz eta, oraindik ahuldade puntuak badaudela adieraziko diguten, eta oso zuhurrak izan behar dugula berriro krisian ez erortzeko. Lortuko dute, arnasa lasaitasunez har dezagun, eta baita gertakaria ospatzea ere, boterearen aurka dugun jarrera kritikoa baztertzea, eta aginduko digute lasaitasuna, pixkanaka, itzuliko dela gure bizitzetara.

2014 urteko egun batean, krisia amaitua izango da ofizialki, eta tonto aurpegia geldituko zaigu esker onez, gure mesfidantza aurpegiratuko digute, ontzat emango dituzte egin dituzten murrizketa politikak eta ekonomiaren karruselari hauspoa emango diote berriro. Noski, krisi ekologikoa, aberastasun banaketa desorekatuaren krisia, ezinezko hazkunde mugagabearen krisia, ukitu gabe geldituko dira, baina mehatxu hori inoiz ez da izan ez argitaratua ezta zabaldua ere, eta benetan munduan agintzen dutenek, amaiera emango diote krisi –erdi egi, erdi asmatu– iruzurti honi, bere jatorria argitzen oso zaila dena, baina helburuak oso argiak eta erabatekoak izan dituena: eskubide eta soldatetan 30 urtez atzera eragitea.

2014 urteko egun batean, soldatak hirugarren mundukoen mailara apaldu direnean; lanak, hain merkea denez, produktuaren eragile erabakigarri izateari uzten dionean; lanbide guztiak belaunikarazten dituztenean, beren jakintza guztiak nomina eskas batean kabitzeraino; gazteria ia doan lan egiten heztea lortzen dutenean; milioika pertsona langabezian egotearen erreserba eskura dutenean, desesperazioaren infernutik nola edo hala ihes egiteagatik, jende balioanitza, tokiz aldagarria eta moldakorra izateko prest dagoena, ORDUAN AMAITUTA IZANGO DA KRISIA.

2014 urteko egun batean, ikasleak eskoletan elkarren gainean pilatuta daudenean eta ikasleen %30a eskoletatik bidaltzea lortzen denean, egindako balentriaren arrastorik ere utzi gabe; osasuna erosi egiten denean eta ez eskaini; gure osasun egoera gure bankuko libretaren araberakoa denean; zerbitzu bakoitza, eskubide bakoitza, prestazio bakoitza kobratuko digutenean; pentsioak berandu ordainduak eta eskasak direnean, gure bizitzak bermatzeko aseguru pribatuak behar ditugula konbentzitzen gaituztenean, ORDUAN KRISIA BUKATUTA IZANGO DA.

2014 urteko egun batean, gizarte egitura guztia beherantz berdintzea lortzen dutenean, eta denok –sektore bakoitzean kontu handiz salbu utzi duten kupula izan ezik–, gabeziaren putzuak zapaltzen ariko garenean, edo beldurraren hatsa geure bizkarrean sentitzen dugunean; batak besteari aurre egiten aspertzen garenean eta solidaritate zubi guztiak hautsiko direnean, ORDUAN ESANGO DIGUTE KRISIA AMAITU DELA.

Inoiz ez da horrenbeste lortu hain denbora laburrean. Bost urte bakarrik aski izan dira, irabazten eta hedatzen mendeak kostatu ziren eskubideak hauts bihurtzen. Gizarte paisaiaren hain suntsiketa bortitza, Europan, gerraren bidez bakarrik lortu zen. Ongi pentsatzen jarrita, kasu honetan ere etsaia izan da arauak, gudaldien iraupenak, jarraitu beharreko estrategiak eta armistizioaren baldintzak jarri dituena.

Horregatik, ez nau kezkatzen krisitik noiz irtengo garen jakiteak bakarrik, bertatik nola irtengo garen jakiteak baizik. Beren garaipen handia izango da, ez bakarrik, gu pobreago eta desberdinago egin gaituztelako, koldarrago eta esanekoago baizik, izan ere, azken osagai hauek gabe, galtzeko arriskuan egon baitaiteke berriro hain erraz eskuratu duten eremua.

Momentuz, atzera martxa eman diote historiaren erlojuari, eta 30 urte irabazi dizkiote beren intereserako. Orain, gizarte markoaren azken ukituak bakarrik falta dira: pribatizazio pixka bat gehiago hemendik, gastu publiko pixka bat gutxiago handik, eta voilà: amaituta egongo da beren obra. Egutegiak 2014 urteko edozein egun adierazi arren, gure bizitzek hirurogeiko hamarkadako azken urteetara atzera egin dutenean, krisiaren amaiera erabakiko dute, eta irratiz entzungo ditugu gure errendizioaren azken baldintzak.

(Artikulu hau Baigerak euskaratua izan da)