Gure Esku Dago: Aniztasuna, parte-hartzea, burujabetza

Giza-katea

Bere bizitzaren burujabetza izateak zoriontsu egiten du pertsona. Erabakiaren jabe izateak. Bere  bizitzaren norabidearen jabe. Zoriontsu egiten zaitu eta hazi egiten zara, garatu. Pertsona helduak gara eta gure bizitzari buruz ari gara. Gure burua autodeterminatzetik hasten da dena. Eta heldutasunez, arduraz eta bere bizitzaren jabe izatea erabaki duten milaka pertsonen indarra zenbaterainokoa izan daitekeen ezin da kalkulatu.

Funtsezkoa gure lubaki mentaletatik atera eta desberdinarekin bat egitea da, eskutik heltzea esaterako. Muga psikologikoak hautsi. Hamarkadetako sektarismoak. Nahiz eta elkarren ordezkaritza politikoaren aurrean mila aldiz kontzentratuta egon edo askotan oihuka, harrika edo pelotazoka aritu, orain eskua eman. Kosta egiten da, baina posible da. Eta posible baino  beharrezkoa da. Eta ez naiz ari inondik inora norberaren talde politikoaz edo ideologiaz beste egiteaz edo aukera politikoa ezkutatzeaz; ez eta norbere helburuei uko egiteaz ere, izan independentzia izan autonomia. Ez. Horrela egingo bagenu, ez leukake baliorik. Izan gaitezen independentistak, konstituzionalistak, autonomistak, federalistak, dena delakoak. Izan ere, bagara eta. Bata bestea den bezalakoa onartzean datza egiazko tolerantzia, egiazko demokrazia, egiazko askatasuna. Ez dugu zertan izan besteak gu izatea nahi duen moldekoa onartuak izateko. Ariketa hori egin beharra dugu derrigor, hori baita errealitatea. Denok gara bakoitza bere etxekoak, baina elkarrekin bizitzera, eta elkar ulertzera derrigortuak gaude jendartean. Eta hori, inposaketarik gabe lortzen da. Libreki erabakiz lortzen da.

Erabakitze eskubidea irtenbidea da. Argi eta garbi. Denontzat berdintasunean eta baliagarria den formula bakarra. Eta irtenbide horretara iristeko ezinbesteko atea oinarri demokratiko honen inguruko gehiengo soziala osatzea izango da. Eta gehiengo soziala osatzeko ezinbestekoa da desberdinen artean osatua izatea. Gehiengo sozialak sortzez dira anitzak. Enpatia, elkar ulertzea, hitz gakoak. Denon onerako den zerbait egitea, berriz, motibazioa.

Gure Esku Dago dinamika Euskal Herria saneatzen ari da. Terapeutikoa da. Giza-harreman sare berri bat da. Gatazkaren lokatzetan sartu eta eztabaida garbitzera dator, desberdinak elkartzera. Drainatze bat da urteetan gaiztotutako odolbilduarentzat, eta giza kate luze hau zikinak ateratzeko eta sendatzen hasteko tutua da. Eta libreki erabakitzera eramango gaituen bidea erakutsiko digu.

Eta eskua luzatu arren ukatu digunari, eskua luzatzen jarraituko dugu. Gu positiboan, gu eskuzabal. Batzuei gehiago kostako zaie. Beste batzuei gutxiago. Denok dugu iragan bat, denok gure markak, denok gure etiketak, gure minak eta gure zalantzak… baina ez diezaiogun horregatik inori eskua ukatu. Gu ere horrelakoak izan gara gure bizitzaren une batean ala bestean. Lagundu jendeari askatzen eta herritarren mugimendura gehitzen. Gero eta gehiago izango gara, ez dut zalantzarik. Gero eta hurbilago gaude. Ikusiko duzue, ikusi egingo dugu.

Artikulu hau Jon Maiaren Denok gara artzain artikuluaren laburpena da, Baigerak, ekainaren 8ko Zapikatik hartua.