Gorputzaren nondik norakoak

ANE MAKEDA ERUIN
ANE MAKEDA ERUIN

Bizitzan zehar, aurrera goazen heinean gure gorputzean aldaketak nabari ditzakegu. Haurren kasuan aldaketa hauek pubertaroan agertzen dira eta zahartzaroan ere aldaketa ezberdinak suma ditzakegu, nola ez. Gorputz zoragarri bat izateko suertea dugun aldetik, hau ere zahartzen doa.

Gogora dezagun, gizaki guztiok jaio eta hil bitartean sexudunak garela, beraz zahartzaroan ere sexualitatea izaten jarraitzen dugu, baina kontutan izanik, sexualitatea ez dela berdin bizitzen bizitzako etapa ezberdinetan. Gaurko artikulu honetan gizon eta emakumeetan eman daitezkeen aldaketa fisiologikoei buruz arituko gara.

Esan beharra dago, aldaketa hauek ez direla bat batean ematen, prozesu luze baten ondoren agertu ohi dira.

Gizonezkoen kasuan
Gizonen kasuan, adinarekin espermatozoideen mugikortasuna gutxitzen joaten da, baita hauen kalitatea eta kantitatea ere. Aldaketa hau 40 urtetik aurrera hasten da martxan. Baina, egia da ere, datu bitxi moduan, 70 urteko gizonezkoen erdiek espermatozoideen produkzio egokia izateko ahalmena izaten jarraitzen dutela.

Prostata arazoak ere egon daitezke, honek erekzioari eragingo diolarik. Askotan, prostata arazo bat dela eta erekzioak huts egiten du, bertan aurkitzen baitira nerbio erektoreak, zakilaren tentetzea ahalbideratzen dutenak. Bestalde gaixotasun kardiobaskularrek ere paper garrantzitsua dute erekzioaren zailtzean. Baita, gaixotasun hauen aurrean hartu beharreko botikek ere.

Bestetik, periodo errefraktarioa asko luzatzen da, hau da, eiakulatu ondoren beste erekzio bat izateko denbora tartea. Eiakulazio kantitatea gutxitu egin ohi da, eta semenaren isurtzearen presioa ere moteltzen da, honek bere abantailak dituelarik.

Emakumeen kasuan
50 urterekin gutxi gorabehera, menopausia gertatzen da, menopausia hilerokoaren amaiera izango litzateke, obulutegien lokartzea, hainbat aldaketa hormonal direla eta. Menopausia baino urte batzuk lehenago klimaterioa ematen da, eta menopausia urte batzuk gerorago amaitzen da. Hau trantsizio fase bat da, bertan estrogenoen jarioa gutxitzen da.

Estrogenoen gutxitze horrek maila sexualean ondorio batzuk izan ohi ditu, esaterako: baginaren txikitzea eman daiteke, eta baita muskuluen indar eta malgutasuna galtzea ere. Izan ere, adinarekin, haurdunaldi baten ondoren eta baita estrogenoen gutxitzearekin ere, zoru pelbikoaren zonaldean aurkitzen diren muskuluen tonifikazioa gutxitzen joaten da. Horrek lubrifikazioaren gutxitzean eta sentsibilitatean eragiten duelarik.

Aldaketek izan ditzaketen eraginak:
Aipatu ditugun aldaketek, gizabanakoaren bizipen erotikoetan eragin dezakete, baina ez praktika sexual guztietan. Hain zuzen ere, aldaketa hauek sarketa egiterako orduan izan ditzakete soilik eragin negatiboak. Beste mila harreman motei ateak zabalik utzita. Gizonen kasuan erekzio zailtasunak direla-eta, eta emakumeen kasuan labaindura, sentsibilizazioa eta muskuluen egoeragatik.

Aldaketa hauek izan ditzaketen ondorio psikologikoen inguruan hurrengo artikuluan arituko gara gogotsu. Bitartean, zuen gorputzaz gozatzera gonbidatzen zaituztegu.

Kontsultak egiteko klikatu hemen.
Ane Makeda. PLAX! Azpeitiko Sexu eta Bikote Aholkularitza Zerbitzuko kolaboratzailea.