Jatorri ezberdinekoen topaketa

KARTEL ereduak2

Ekainaren 5ean, jatorri ezberdinekoen arteko topaketak egingo dira Azpeitiko udaletxe azpian eta Sanagustin kulturgunean. Besteak beste, bideo emanaldia eta elkar hizketak, hizkuntza ezberdinetako irakurketak, mural margotze-lanak, lurralde ezberdinekoek prestatutako janarien dastaketa eta Saharako musika taldea daude antolatuta.

IPAKA (Izarraizpeko Aniztasun Kulturalaren Astea) topaketa hauek Azkoitiko eta Azpeitikoen arteko elkarlanean antolatzeko asmoa zen. Azpeitian sortu den egutegi arazoa dela medio ostegunekoa bakarrik antolatu da, beste ekimenak Azkoitian egingo dira. Hurrengoan elkarrekin antolatuko ditugu.

Azpeitian, Elkar-ekin taldea eta Pakistan, Sahara, Brasil, Marroko eta beste herrialde batzuetako jendea ari da hau antolatzen. Esperientzia aberatsa izaten ari da, parte-hartze ona eta ilusio handia baitago.

Topaketa hauen helburua etorkinak eta bertakoak elkar ezagutzea da, elkar ezagutzea baita biderik onena, elkarbizitza errazteko eta beste herrietatik etorri berriak herrian txertatzeko. Elkar ezagutuz gero konturatzen baikara arazo berdintsuak ditugula denok ere, eta herritartu ahal izateko garrantzitsua dela gure jarrera irekia eta konfiantzakoa izatea.

Ezinbestekoa da herri honetan kultura eta hizkuntza ezberdineko jendea bizi dela aintzat hartzea, eta hortik abiatuz herria euskaldundu eta euskal kultura indartzeko. Aniztasuna balore positibotzat hartzea. Akatsa izango litzateke, herri honetan, errealitate hau kontuan ez hartzea.

Topaketa hauek egun batekoak dira (ordu batzuetakoak) baina hau hasiera baino ez da. Aurrera begira, kirolaren, elikaduraren, hizkuntza eta kulturaren inguruan saio gehiago egiteko asmoak ditu Elkar-ekin taldeak. Helburu nagusia etorri berriak euskalduntzea da, horrela, herrian txertatzen joan daitezen. Udazkenerako, euskalduntze plan bat martxan jartzeko ahaleginetan dihardugu.
Elkarrekin-Ipaka