Itotzen gaituen zorra

images

La fête de la dette, itotzen gaituen zorra irribarrez ulertzeko

Pello Zubiria Argia Astekaria (2016. alea)

“Zorra egiten duena ez da edozein” zioten zaharrek kreditua eskuratzea aberatsen esku besterik ez zenean. Gaur munduko herritar guztiok gabiltza zorpean, aberatsek lortu dutelako are aberatsago izatea haiek egindako zorren ordaina estatuen bizkar utzita. Parisen saiatuko dira antzerkiz ulertzen eta dantzaldian umorez ospatzen denon zorra.  

Europako hauteskundeetan ez da aski aipatu zorra, nahiz eta askoren ustez horixe den geopolitikatik hasita jendearen eguneroko ezintasunetarainoko dena baldintzatzen duen datu nagusietakoa: estatuek beren gain hartutako zor publiko itzela. Hauteskunde biharamunean, Parisen badute estatuaren diru-kutxaren zuloez mintzatzeko aukera.

“Elkarrekin aztertu nahi dugu –diote egitarauaren aurkezpenean– larritu eta beldurtu gabe, ‘zorraren arazoa’ deitu duten korapilo hori. Konplikatua omen delako, jendea aspertzen du edo ikaratzen. Gu saiatuko gara ‘zorra’ noren bizkar doan eta mesede nori egiten dion ulertzen, ebidentziak lehertzen, betiko uste ustelak desmitifikatzen, soinean daramagun kulpabilitateari ostikada ematen, erroreak nabarmentzen, paradoxak azpimarratzen, horrela gehiago esan ez diezaguten: ‘Lasai, gu okupatuko gara, zuek zoazte kalera jolas egitera’”.

Estatuek zor, aberatsek altxor

Estatuen zorrak aipatuta, duela gutxi arte munduko herrialde txiroetan pentsatzen genuen Europako jendeok. 1990etik Hirugarren Munduaren Zorra Ezabatzearen aldeko Batzordeak (CADTM frantsesezko sigla ezagunetan) defenditzen du munduaren Hegoaldeko estatuei ezabatu dakien haien agintariek beren gain hartu duten zor ez-legitimoa. Alabaina, 2008ko krisitzarra kudeatzeko erabilitako estrategiak zabaldu dizkio askori begiak: nola pilatu da gaur bere herritarrei babes sozial guztiak murrizten dizkieten estatuon hainbesterainoko zorra?

Eztabaidan parte hartuko duen Thomas Coutrot ekonomialariak azaldu du herritarrei bizkarretik kendu behar zaiela zor publikoaren errudun izatearen kulpabilitatea: lanordu gutxiegi egiten dutela, opor luzeegiak dauzkatela, laguntza publikotan gastu handiegia doala, eta abar luzea, hedabideek usu zabaltzen dituzten mitoak. “Gezur horiekin estali nahi izan dute administrazioak daukan zuloaren errudunak direla enpresei eta aberatsei zergak jaistea, loturik arduradun politikoen axolagabekeria espekulazioaren aurrean”.

Patrick Viveret filosofoa eta Frantziako kontuen auzitegian magistratu aritua ere parte hartzekoa da maiatzaren 31ko festan. “Kontuen auzitegian ikusi ahal izan da azken hamar urteotan Frantzian batera edo bestera 100.000 milioi euro barkatu dituela estatuak zergatan. Noren mesedetan? Dudarik gabe aberatsenen mesedetan. Diru horiek gehiago irabazi dituztelarik, jende aberatsok ahalmena daukate zorretan dagoen estatuari dirua uzteko. Beraz, bi aldiz irabazi dute: lehenbizi zerga gutxiago pagatzearekin, bigarrenean estatuari bere zorragatik interesa kobratuz”.

Aldiz, gutxien irabazten dutenek zigor bikoitza daukate. Alde batetik zerbitzu sozial gutxiago daukate estatuak zerga gutxiago kobratzen duelako. Bestetik, bere zergekin lagundu behar dio estatuari ordaintzen zor publikoaren interesak. Ez kexa txiroegia baldin bazara zuzeneko zergak pagatzeko -soldataren gainekoak- zeren zuk ere pagatuko duzu produktu eta zerbitzu guztiak zamatzen dituen BEZarekin.

Mendebaldeko estatuen zorpetzea dago herritarren arteko berdintasun eza gero eta handiagoa izatearen bihotzean. Pierre Larroutourou ekonomialariak azalduko du Parisen nolaz zor ekonomikoa eta zor soziala elkarri loturik doazen. Ronald Reagan eta Margaret Thatcherrez geroztik, mendebaldeko herritarren soldatek gero eta pisu txikiagoa izan dute ekonomiaren osotasunean, eten gabe handituz joan dira bai zor pribatua eta bai zor publikoa, eta aldiz korporazio handienen eta familia aberatsenen irabaziak izugarri handitu.

Mendebaldeko 15 herrialde indartsuenetan 1976tik 2011 artean langileek galdutako soldatek osatzen dute Barne Produktu Gordinaren %150, finantzen merkatura eta paradisu fiskaletara joan direnak.

Henry Fordek esana omen da 1930eko hamarkadan, larritasunean soilik XXI. mendeko honek gainditu duen krisiaren erdian: “Gauza ona da Amerikako herritar gehienek ez jakitea nola funtzionatzen duen benetan bankuen sistemak; zeren eta jakingo balute bihar goizerako iraultza lehertuko litzateke hemen”. Parisen maiatzaren 31n nekez sutuko dute iraultzarik. Ez da gutxi izango azken 30 urteotako gezurren estalkia pittin bat harrotzea? Algaraz eta baltsean, gainera.

(Argia astekaritik hartu eta Baigerak laburtua)