Hesiak gainditzen

indizea1

Jon Maiak Sanjuandegin emandako hitzalditik jasotako zenbait gogoeta:

Gure “abuelo” eta “abuela” Extremaduratik etorri ziren, trenez, eta Zumarragan jaitsi ziren, kasualitatez. Aurrera jarraitu balute edo beste tren bat hartu, Burdeosen, Bartzelonan edo ez dakit non geldituko ziren, eta Frantsesak, katalanak edo auskalo nongoak izango ginen. Beraz, zer pentsa ematen du honek, alegia, zer gutxi axola duen non jaiotzen garen eta zenbat axola duen non bizi garen.

Lehen etorri zirenen eta orain datozenen artean ez dago alde handirik. Garrantzitsua, momentu batean bederen, etorri zirenen edo etorri direnen lekuan jartzea da: gerra galduta, beharrak eta miseriak desplazatuta, etorri eta lana bilatu, familiarentzat tokia bilatu, familia ekarri leku arrotz batera, hizkuntza ezberdin batekin, hemengoek harrera onik ez, herri hau zapaltzera etorri bailiran, hemengoei lana kentzera, bertakoen kontura bizitzera… oso zaila zitzaien (eta zaie) integratzea. Pentsa, bertakoen jarrera zer garrantzitsua den! Bertakoen gain ere badago, zati handi batean, kanpokoen integrazioa.

Kantak dioen bezala “zer urrun dagoen Kamerun”, pentsa zer urrun zegoen orduan Extremadura edo Andaluzia! Gaur Senegaldik edo Saharatik etortzea bezala izango zen handik etortzea. Etorri orduko bi komunitate ezberdin berezitu ziren; batzuetan arkitektonikoak ere bai, oraindik ere irauten dutenak. Sarri, auzoak berezitu ziren, gutxietsitako auzoak, marjinatuak, utzikeria osoa pairatu dute; funtsean, oraindik ere bizirik diraute. Bertakoekin nahastu ziren, baina ez dute “labelik” lortu. Maiz,  maila baxuko arrazakeria ageri ohi da.

Gaur egun, Espainiako abizenari ez zaio garrantzirik ematen, orduan bai. Zazpi abizen behar ziren euskaldun izateko. Pentsaezina zen Maia, Paia, edo Silbeira eta horrelakoak bertsolari, euskal idazle, trikitilari edo aizkolari izatea. Pentsa, hemendik hamabost edo hogei urtera: Buba Sow, Sahidd…, hemengoekin batera, euren janzkera, buruko zapi, kolore beltzaran eta guzti euskaraz abesten.

Guztiok aniztasuna hitzetik hortzera dabilkigun une honetan, ez legoke soberan gogoeta egitea egin dugunaz eta egiten dugunaz. Betiko eskemak zalantzan jartzea eta bide berriekin ausartak izatea; arriskatzea balore bat da.

Lehen etorri zirenei bizitza aurrera ateratzen joan zaie denbora, oraingoek ere badute nahiko lan bizirauten. Gutxi batzuek euskarara hurbildu dira, eta ikasi ere egin dute. Meritua dute, eta aitortu egin behar zaie, beste batzuek oraindik ere ahaleginean dihardute. Guk laguntza eskaini behar diegu, mintza-lagun izan, ikasten ari direnei euskaraz poliki hitz egin, mezu xumeak eskaini, egiten duten ahalegina baloratu. Hizkuntza bat (euskara) ikastea, zenbait baldintzatan, ez da erraza. Gauza asko dago egiteko, gure esku ere badago lehengoak eta oraingoak integratzea eta euskalduntzea. Herriko lagun-talde, festa, kirol-jaialdi, danborrada, elkarte gastronomiko, etab.etara gonbidatu behar ditugu. Herrian txertatzea da helburua.

Gehienek garbi dute hemen geldituko direla, euskaldunak izan behar dutela euren ondorengoek, bizitza hobeago baterako ateak irekiko dizkiela euskara ikasteak.

Orain datozenei, behartuta gaude ateak irekitzera. Bizitzeak ematen die nahiko lan, eta oso zaila da euskarara eta herrira hurbiltzea; gure jarrera oso inportantea da. Lan asko egin behar da egunero, eta jarrera gogorrak beti ez du balio, ez da aski, bitartekoak jarri behar dira, bestela kontrakoa eragin dezake, errezeloak sortzen dira. Iraganetik ikasteko garaia da, ezinbestekoa da kanpokoen konfiantza irabaztea, euskalduntzearen beharraz eta abantailez konbentzitzeko.

Azpeitia munduko herririk euskaldunena dela bolo-bolo dabilen honetan, bertako gazteek lan bila kanpora joan beharraz eta kanpokoak hona lanera etorri beharraz ausnartzea ez legoke gaizki.