Adinekoen sexualitatea

ANE MAKEDA ERUIN

Ane Makeda

Zahartzaroa aztertzerako orduan zenbait arau ikus daitezke, inguruak jartzen dituen arauak eta ahoz-aho zabaltzen eta, azkenik, sinesten joaten direnak. Zahartzaroa determinatzen duten adin tarteak esleiturik daude, hainbat adin mota bereizten dira.

Adin kronologikoa, jaiotzen garen unetik zenbat urte igaro diren izango litzateke, hau da, zenbat urte ditugun. Gaur egun, 65 urtetik gorako pertsonak kontsideratzen dira zaharrak. Adin biologikoari dagokionez, gorputzean gertatzen diren aldaketa fisiko eta fisiologikoekin du zerikusia. Adin psikologikoa, gizakien gaitasun psikologikoekin erlazionatzen da, beraz, psikologikoki pertsona bat zaharra da eskaera hauei erantzuteko gaitasuna galtzen doanean (oroimena, adimena, motibazioa…). Bestetik adin subjektiboa dugu, hau pertsonak sentitzen duenarekin lotua dago, zaharra sentitzen den ala ez, hain zuzen ere. Baliteke 70 urte dituen pertsona batek 40 urte dituela sentitzea. Azkenik, adin soziala izango litzateke, hau, hainbat jokabide eta ohituretan bereizten da, besteak beste, janzkeran, hizkeran, komunikatzeko eta erlazionatzeko moduan, eta abar.

Baina egia da teoria honek ez duela inongo zentzurik. Pertsona batek 65 urte izan ditzake, inongo zailtasun fisikorik gabe, autonomia handiarekin eta gazte sentitu. Gerta daiteke ere, 35 urteko bat zaharra sentitzea.

Baina honek guztiak zerikusirik ba al du sexualitatearekin? Nik baietz esango nuke, zahartzaroan norberak bere sexualitatea libre eta aske bizitzearen inguruko ideia oker asko eta asko entzuten baitira kalean. Dugun urte kopuruaren arabera nola jokatu behar dugun inposatzen digute, sexu harremanak gutxitzen diren ideiarekin, sexu jokabideak izateko zaharregiak garen ideiarekin… Adin biologikoari begira, aldaketa fisikoak egon daitezkeen aldetik sexu jokabideak txarrak direlako ustea zabaldua dago; esaterako, bihotzarentzat kaltegarria dela, hipertentsioarentzat guztiz arriskutsua. Adin psikologikoari erreparatuz, sexualitatea bizitzeko garaia pasa zaigula esanez. Adin subjektiboan, sexualitatea bizitzeko zaharregiak garen ideia inposatzen saiatzen dira. Eta azkenik, sozialean, ingurukoen ideia okerrek norberarengan eragin dezakete sexualitatea modu aske eta librean bizitzerakoan.

Beraz, aski da, apurtu ditzagun uste okerrak, ez diezaiegun utzi lekurik zentzurik gabeko ideia horiei. Egia da, sexualitatea ez dela berdina haurtzaroan, nerabezaroan, gaztaroan, helduaroan nahiz zahartzaroan. Berregituratu behar den faktore bat da, baina horrek ez du esan nahi bukatu denik, aro berri baten hasiera dela baizik. Gozatzeko aro bat, plazera sentitzeko, ezer demostratzeko beharrik gabeko aroa. Ondo pasa eta norberak bere burua berrezagutu eta disfrutatzeko aroa, hain zuzen ere.