Asteko txisteak

zapata

 

Horrek jaten badu baita nik ere

Orain berrogeita hamar, hirurogei urte inguru, bizi guztian lana besterik egin ez zuen basomutil bat, 60 urte bete zituenean pentsatzen jarri zen, honezkero ez zela urte asko biziko eta, bere buruari saritxo bat eman behar ziola. Bazuen ba hainbeste aipatzen zuten Donostia hori nolako zen ezagutzeko gogoa eta “oraintxe duk garaia Donostian egun pasa eder bat egiteko”, pentsatu zuen.
Trena hartu zuen Ordizian eta Donostiara joan zen gure gizona, San Tomas egunez, ahal zuen dotoreena jantzita, eta patrikak diruz ongi beteta.
Donostiako Alde Zaharrean azokako gauzak ikusten ibili zen goizean zehar, jende artean gora eta behera. Halako batean, bazkari itxurazko bat egin behar zuela behin honez gero, eta aguazil batengana joan zen:
–Donostian ondo non jan daiteke? –galdetu zion aguazil bati.
–Donostian ondo nonahi jaten da, Alde Zaharrean nahi beste aukera duzu eta handik kanpo ere bai –aguazilak.
–Bai, baina nik onena behar ordea –esan zion, erabakimen handiz gizonak.
Aguazila pixka batean pentsatzen egon zen eta Maria Kristina hotelera bidaltzea izango zela onena pentsatu zuen, eta harako bidea erakutsi zion.
Han joan zen gure gizona Maria Kristinara, eta jangelara bideratu zituen bere pausoak, bere artean pentsatuz, “bizi guztian baba beltza besterik ez diat jan eta, gaur, zerbait desberdina jan behar diat, ba”.
Hala, etorri zaio zerbitzaria, eta utzi dio karta mahai gainean. Zoritxarrez, alferrik gure gizonarentzat, ez baitzekien irakurtzen.
Berriro etorri zitzaionean, behatzez apuntatu zion bat, eta hor ekarri dizkio zerbitzariak baba beltzak, berak eskatu bezala. Ez zituen haiek nahi, baina etxekoak baino goxoagoak aurkitu zituen, eta denak jan zituen.
Ondoko mahaira gizon dotore bat etorri zen, bien bitartean. Ezagun zuen hango bezeroa zela, zerbitzariarekin zuen tratuan.
Galdetu zion zerbitzariak zer behar zuen, eta honek:
–Angulak eta kokotxak jango nituzke lehenbizi.
Ekarri zizkion eta, gero, basomutilari galdera:
–Besterik behar al duzu?
–Bai, beste gizon horri ekarri diozun berdina.
Hala ekarri zizkion, eta bai jan ere gustura asko.
Ondoko gizonari berriro zerbitzariak galdera:
–Beste zerbait eskatu behar al duzu, ala postrera pasako gara?
–Ez, gaur, San Tomas eguna da eta haragi pixka bat jango nuke.
–Solomilo bat-edo, bere goarnizioarekin?
–Bai, horixe.
Galdetu dio basomutilari eta honek:
–Ekarri niri ere, gizon horri bezalaxe.
Ekarri, eta bai jan ere! Zerbitzaria harrituta, gizonaren sakearekin.
Ondoren, postrearekin berdin. Gero, kafea, Remi Martin kopa eta Montekristo 2 zenbakia eskatu zituen ondoko gizonak, eta baita basomutilak ere.
Hala, bapo bazkaldu ondoren, zerbitzariari esan zion:
–Orain “limpiabotasa” nahi nuke…
–Baita nik ere –basomutilak.
–Biok batekin aski izango duzue orduan, ezta? –zerbitzariak.
–Ez, ekarri bana, horrek jaten badu baita nik ere.

confesionarioa

Aitorlekuan
Apaizak, konfesatzera etorri zaion bankeroari:
–Beno esan iezadazu zenbat ostu duzun, ehun mila euro, ala milioi bat izan da?
–Jar beza berorrek bi milioi euro. Gehiago izanda ere hurrengo operazioarekin konponduta geratuko da eta.