Asteko txisteak

aurkespena

Amari abisatzera

Neska-mutilak elkarrekin hasita egon behar zuten, artean berri samarrak ordea. Mutila Bixente Zarauzkoa zen eta neska Maritxu Azpeitikoa. Hilabete batzuetan ibili ziren elkarrekin, tarteka eta Maritxuk etxera etortzeko gonbita egin zion Bixenteri.

    • Zu ezagutzeko gogoa badute ba gurean, noiz etorriko zinateke?

    • Ez dakit, libre nagoen batean, ea egun hauetakoren batean etortzen naizen.

Hala eguna libre samar zuen batean, eguraldia ere ez oso txarra eta hor dator mutila bere bizikleta hartuta Maritxuren baserriraino. Heldu zenean ohiko presentazioak:

    • Hau al da zure mutila? – amak. Bai hauxe da ba gure Bixente – alabak.

Hala joan ziren agurrak eta ongietorriak.

    • Orduak aurrera doaz eta mokaduren bat egiten gelditu beharko duzu – amak.

    • Bai, pozik geldituko naiz – Bixentek.

Atera omen zizkioten gazta eta intxaurrak. Maritxuk tortilla bat ere egin omen zion, bere sukaldari dohainak erakusteko noski. Hala meriendatzen ari zirela egundoko euri zaparrada hasi zuen. Hura ekaitza, tximista eta trumoi! Hura euria egin beharra!

    • Hola ezingo zara etxera bizikletan joan, dena blai eginda geldituko zara-eta! Ama! Bixentek hemen gelditu beharko du lotan!

    • Ezta pentsatu ere! Ezkondu arte hemen lotan gelditu? Ez halakorik. Erotu egin al zara alaba?

    • Besterik ez bada ere ganbaran-edo prestatu beharko diogu orduan lekutxo bat. Koltxoi zahar bat bada hor eta hura botata hemen gelditzea hobeko du, etxera giro honekin joatea baino. Pulmonia bat harrapatzeko ere!

Hala ama-alabak ez eta bai, luze eztabaidatu ondoren, amore eman du amak eta, bai, ganbaran prestatuko diotela lotarako lekua.

Prestatu diote ba lo-lekua ganbaran eta gaua ailegatu denean denak lotara, ama-alabak bakoitza bere ohera eta Bixente ganbarakora.

Ama ez zen oso lasai lotaratu. Lo kuluxka bat egin orduko hor etorri zaio burutazioa, “Maritxu hemen eta Bixente ganbaran, bada nahiko gertu!”. Jaiki eta hor joan da ganbara begiratzera kontu handiz. Hara ezustekoa, ez dago Bixenteren arrastorik!

Ama hor joan da ziztu bizian Maritxuren koartora, biak han harrapatuko dituelakoan. Ri-ra piztu argiak eta hor hasten da:

    • Hemen zaudete! Harrapatu zaituztet!

    • Zer ari zara esaten, ama? – Alaba begiak zabaldu ezinez, eta fantasmak ikusten ote zituen sinetsi ezinez –. Hemen ez dago Bixente. Ez al duzu ikusi ganbarara nola joan den?

    • Ganbaran ez dago.

    • Nola ez dagoela? Non dago ba?

Hor joan dira ama-alabak ganbarara, eta Bixenteren arrastorik ez. Begiratu dute etxe osoan eta inon arrastorik ez. Halako batean hor dator gure Bixente dena blai eginda.

    • Baina non zabiltza? – esaten dio Maritxuk.

    • Ba, ama kezkatan geldituko zen bestela etxean bakarrik eta lotan hemen gelditzen naizela abisatzera joan naiz.

edana

Tabernan

Bi zurrutero daude tabernan mostradore ertzean edan eta edan. Halako batean bietako batek eguneko egunkariari begirada bat bota eta hor ikusten du honako albistea:

    • Hi Iñaxio, begira zer jartzen duen hemen. Ameriketan milioi bat pertsona hiltzen omen dituk urtero alkoholaren erruz.

    • Joxe, hi lasai! Hau ez duk Ameriketa.