Foru Aldundiak otsailean oinarrizko errentari buruz egindako mintegian, Jordi Arcarons katedradunak egindako ikerketaren berri eman zuen. Bertan 450.000 errenta aitorpen aztertu zituzten eta ondorioztatu zuten, lana egin ala ez, bideragarri zela herritar orok 650,50 € jasotzea. Adin txikikoek 131,70 € jasotzea kalkulatu zuten.
Hileroko errenta finkoa guztiek izateak txirotasunaren eta bazterketaren arriskua desagertuko luke, ezberdintasun soziala gutxituko luke, eta gaur ez dagoen ongizate maila bermatuko. Bereziki emakumearen estatusa hobetuko luke. +Arrisku gehiena duena 65 urtetik gorako alarguna da eta familiako burua emakumea dena.
Emakumeak independentzia ekonomikoa lortuko luke eta erabakiak askeago, inoren baimenaren zain egon gabe hartuko lituzke. Herritarren artean, errenta bermatua bezalako neurriek, muturreko egoeran daudenen pobrezia saihestuko luke. Emakumea inongo ordainik gabe arduratu da etxeaz eta familiaz, ez da aintzat hartu izan bere lana. Beraz, errenta finkoarekin bestelako egoera izango luke.
SEGURTASUN EKONOMIKOA, OSASUNAREN BERME
Bestalde krisi ekonomikoak eragin duen desoreka sozialaren ondorioz, osasun arazoek nabarmen egin dute gora. Alkoholismoa, tabakismoa, depresioa, suizidioak, etab. Zenbat eta lan egonkortasun gutxiago izan, orduan eta eskasagoa da osasun egoera. Datuen arabera, lanean ari diren %16k dituzte buruko arazoak eta, aldiz, langabezian dauden %34k. Buruko gaixotasunak biderkatu egin dira eta depresio kasuak %19 egin dute gora, %8,4 dira antsietateari lotutakoak.
Gaurko gizartean segurtasun ekonomikoa bizi kalitatearen eta osasunaren bermea da. Lanetik kanporatuz gero bazterketa sozialerako eta zailtasun ekonomikorako ateak irekitzen dira eta ondorioz maiz sortzen depresioa eta antsietatea.
Etxe kaleratzeen kasua da grabeena. Egoera horretan daudenentzat probetxugarria da antolatutako taldeetan sartzea, hala nola, langabetuen taldeak, stop kaleratzeak, etab., autoestimua handitzen du, eta sendagai ona da talde bateko kide sentitzea. Egoeraren errudun zeure burua sentitzea da okerrena, bakardadeak ekartzen du hori. Zeure antzekoekin elkartzeak on egiten dio osasunari.
Honen guztiaren aurrean neurri garrantzitsua litzateke oinarrizko errenta bermatua izatea.
Bestalde, lan orduak gutxitzea eta dagoen lana denon artean banatzea ere soluzio egokia litzateke, honek guztiak lan-munduan eta gizarte antolaketan lekarkeen berrantolaketa eta eraldaketa osoarekin..