Kolon eta ondesteko minbizia

 

kolon

Martxoaren 31an Koloneko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko eguna izan zen eta topaketa mediku-gastronomikoak egin genituen Baigerako sukaldean, Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak antolatuta.

25 bat lagun elkartu ginen bertan, eta Maider Sierra Elkarteko arduradunak Elkartearen beraren eta hitzaldiaren zergatien aurkezpena egin ondoren, Isabel Portillo, Elkarteko koordinatzaileak azaldu zizkigun bertara bildutakooi Koloneko eta Ondesteko minbiziari buruzko azalpenak eta beroni aurre egiteko hartzea komeni zaigun prebentzio neurriak.

Zer da kolon eta ondesteko minbizia? Prostatako tumorearen ondoren gehien agertzen dena da gizonezkoengan eta bularretakoaren ondoren emakumezkoengan, emakumezkoak eta gizonezkoak batera hartuta, gehien agertzen dena da kolon eta ondestekoa. Autonomia Erkidegoan urtero 1.200 gizonezkori eta 600 emakumezkori baino gehiagori diagnostikatzen zaie minbizi hau, eta 2.000 ospitalizatu behar izaten dira arrazoi honegatik.

Kolon-ondesteko minbiziak hesteetako polipo baten eraldaketa gaiztoagatik sortzen dira. Kolon-ondesteko hesteetan polipo batzuk sortzen dira lehendabizi. Handitzen eta gaiztotzen joan ohi dira eta urte batzuen ondoren, 10 urtez ere luza daiteke bilakaera hau, minbizia sor dezakete.

Ez gara ezertaz ohartzen, nahiz eta hortxe egon daitezkeen polipo hauek. Ez dute minik ematen, ez dugu odol arrastorik ikusten ez ipurdian eta ez kakatan eta, konturatzerako, gaixotasuna gorputzera zabalduta izan dezakegu.

Polipo hauek garaiz detektatzen badira, kendu egiten dira anoskopia bidez, anestesiatuta egiten den interbentzio arrunt batekin, eta gaitza ez da garatzen. Horregatik da guztiz garrantzizkoa prebentzioa.

Prebentzioak bi atal ditu:
Bizitza osasuntsua izatea.
Detekzio goiztiarraren proba egitea.

Bizitza osasuntsua izateko komeni zaigu geure janaria zaintzea. Loditasuna saihestu, ez eguzki gehiegi hartu. Barazkiak, berdurak eta frutak ugari jatea, gutxienez bost janaldi egunero. Grasak eta okela neurrian jatea. Ona da garai bateko otorduetara itzultzea: babarrun, garbantzu, dilistak… lapikoan eginda. Geure seme-alaba eta bilobei gogorarazi eta erakutsi behar omen diegu. Sarri libratzea ona omen da hesteak garbi izateko eta polipoak ez sortzeko. Erretzea oso txarra eta gauza bera alkoholdun edariak asko edatea. Ariketa fisikoa egitea oso ona, eta baita ordubeteko ibilaldi bat egunero egitea ere eta, lagunartean bada, oraindik eta hobeto.

Zertan datza detekzio goiztiarraren proba?
Gorotz edo kaka-lagin txiki bat jasotzen da ezkutatutako odola detektatzeko (ez baitugu ikusten).
Osakidetzak erabaki du 50 urtetik 70 urtera bitarteko guztiei bi urtetik behin egitea. Orain dela bi urte egin zen lehendabiziko aldiz. Oso partaidetza ona izan genuen euskaldunok. Emakumezkoek gizonezkoek baino gehiago hartu zuten parte.
Aurten tokatzen zaigu berriro proba bera egitea.

Nola egiten da proba?
Gutun bat identifikazio-etiketa pertsonalarekin jasotzen dugu etxean.
Gorotz edo kaka-lagina jasotzeko materiala.
Proba egiteko jarraibideak.
Lagina jaso eta identifikatu ondoren, osasun zentrora eraman behar da.
Osakidetzatik gutun bat jasoko dugu, emaitzarekin, 10 eguneko epean.

Proba hau egitearen garrantzia azpimarratu zuen Isabel Portillo arduradunak. Garaiz detektatuz gero, ez baitu inongo eragin txarrik, polipoa kendu eta kito. Eta hau oso erraz egiten da.
Detektatu ezean, berriz, polipoa hortxe izan dezakegu. Ez digu inongo seinalerik ematen, ez gara konturatzen gaitza oso txartu arte. Beraz, proba honetan parte hartzera animatu gintuen… sendagileak.

Aurkezpena bukatzeko, Miren Arteaga sukaldariak, sendagileak gomendatu zizkigun janari osasuntsu batzuen dastaketa gozo-gozo bat eskaini zigun: dilista entsalada pistorekin, bakailao hostopila piperrekin eta fruta menestra. Janari osasuntsua ere guztiz gustagarria eta atsegingarria dela frogatu zigun, ahogozoz bukatu genuen bilera.