Asteko txisteak

apaiza 1

Apaizaren bizikleta

Garai batean, familia dirudunetan batik bat, ondra handia zen, alaba bat moja edo seme bat apaiz joatea. Horrelako familia batean semea bidali zuten seminariora, apaiz egiteko asmotan. Semeak ordea ikasteko gogorik ez eta nota txarrak ateratzen zituen, suspentso ugari. Hala ezin jarraitu zutela-eta, ondra izan beharrean lotsagarria baitzen semea apaiz egiteko gauza ez izatea, semea pixka bat motibatzeko, bizikleta erregalatuko ziotela agindu zioten etxean, apaiz izatera iristen bazen. Garai hartan ez zen edozein ibiltzen bizikletan. Ondorio ona izan zuen, semea nota hobeak ateratzen hasi zen eta baita apaiz egitera iritsi ere.

Gurasoek, agindu bezala, bizikleta oparitu zioten semearen meza-berriko egunean: BH marka “burdeos” kolorekoa. Bikaina bizikleta! Apaiza dotore ibiltzen zen herritarren aurrean, bere bizikleta berrian, arropak esekitzeko gantxoak jarrita, prakak eta sotana katearekin ez trabatzeko. Asko laguntzen zion herriko eliza eta ermita guztietara joan ahal izaten, igandeetan batez ere.

Igande goiz batean, apaiza parrokiara meza ematera zetorrela, eliz atariko eliztar goiztiarrenak agurtu zituen, baina ohi baino serioago zetorren. Konturatu ziren zerbait bazuela apaizak.

    • D. Anbrosio, zer gertatzen da? – galdetu zioten.

    • Ikaragarria gertatu da herri honetan! Laster jakingo duzue. Zuen belarriak erne izan sermoian hasten naizen garaian.

Iritsi da sermoiko garaia eta hasi da apaiza:

«Aitaren, Semearen eta Espiritu Santuaren izenean. Amen.

Gaur gure Jaunaren Legeko Hamar Aginduak aztertuko ditugu, uste dut premia ederra badagoela-eta herri honetan!

  1. Agindua: Maita ezazu zure Jaungoikoa gauza guztien gainetik. Baina horrek badu beste galdera bat aurretik. Nor da Jaungoikoa? Abenduaren 24, gau hotz, beldurgarri hartan, mendi gainetan elurra eta erreka zokoetan izotza zuri zegoen garaian, jaiotako Jesus haurra, Belengo estalpe txiro batean, astoa eta idiaren lurruna beste berogarririk gabe. Huraxe da Jaungoikoa, Jaungoikoaren Seme gizon egina, Jesus! Eta gu apaizok gara haren ordezkari, haren ministro. Eta apaiz jaun bati zerbait txarrik egiten bazaio, Jaungoikoari berari egiten zaio, Belenen sortu zen Jesusi egiten zaio. Adibidez apaiz bati bizikleta harrapatu dionak, Jaungoikoari harrapatu dio. Ez du ba lehenengo agindua betetzen, bekatu egiten du.

  1. Agindua: Ez duzu alferrik ahotan hartuko zure Jaungoikoaren izen Santua. Pentsa munduan zenbat birau zikin, lizun eta nazkagarri esaten den! Zenbat aldiz hartzen den ahotan alferrik Jaungoikoaren izena! Bekatu horiek konfesatuta barkatzen dira. Arimak garbitzeko konfesatu egin behar dira bekatuak. Apaiza iritsi ezin bada aitortza lekuetara, norbaitek bizikleta ostu diolako, konfesatzeko asmotan direnen bekatu guztiak doaz bizikleta ostu duenaren gainera. Pentsa zer nolako bekatua duen! Ez du bigarren aginduarekin betetzen, bekatu egiten du.

  1. Agindua: Santifika itzazu igande eta jai egunak. Igandeetan jai egiteko meza entzun behar da. Goizeko lehen orduko mezak du baliorik handiena. Baina eliztar denak ezin dira parrokiara etorri. Ermita eta baseliza asko ditu gure herriak eta apaizak haietara ere joan behar du meza ematera, baina apaizari bizikleta ostu badiote, nola iritsiko da apaiza eliza horietara? Egon bitez lasai herritar horiek, ez dute haiek bekaturik egiten meza ez entzuteagatik, apaizari bizikleta ostu zionaren bizkar doaz denen bekatuak. Ez du hirugarren agindua ere betetzen, bekatu egiten du.

  1. Agindua: Maita itzazu zure gurasoak. Zuek denok dituzue zuen gorputzen gurasoak, baina gizakia gorputz eta arimaz osatzen da. Eta zein da zuen arimen guraso? Herriko apaiza, Jaungoikoaren ordezkaria, ni naiz zuen arimen guraso. Jaungoikoaren ordezkariari bizikleta harrapatu dionak nola maiteko du ba apaiza! Eta apaizari bizikleta ostu dionak ez du Jaungoikoa ere maite. Ez du laugarren agindua ere betetzen, bekatu egiten du.

  1. Agindua: Ez duzu inor hilko. Inor hiltzea bekatu larria da, inork ez du horretarako eskubiderik. Baina denok hil behar dugu mundu honetan. Noiz? Nola? Non? Ez dakigu, ez jakinda hobe gainera, hori Jaungoikoaren esku dago, baina ez gara hortik inor libratuko. Eta norbait hiltzen dagoenean, nor da bere ondorako lagunik onena? Apaiza. Apaiza da San Pedroren aurrera joateko pasaportea emango diona. Atera kontu, norbait urrutiko baserri batean dagoela hiltzen, eta apaiza bere ondora iritsi baino lehen hil dela bere azken aitortza egin gabe, apaizari bizikleta ostu eta garaiz iritsi ez delako. Hil bedi lasai! Gizon hori ez da kondenatuko bere bekatuengatik, apaizari bizikleta harrapatu ziona kondenatuko da. Horra beraz nolako bekatua egin duen apaizari bizikleta ostu dionak! Azken juizioko egunean han ikusiko dugu Satanasen sardearen puntan, infernuko sutan gar-gar, oinazetan erretzen. Hantxe ezagutuko dugu guztiok apaizari bizikleta harrapatu ziona nor den. Ez du ba boskarren agindua ere betetzen, bekatu egiten du. Goazen aurrera, hau luze doa-eta.

  1. Agindua: Ez duzu haragikeriarik egingo. Ha-ra-gi-ke-ri-a-rik ez egitea, kristauok! (Isilunea….) Barkatu eliztarrok! Oraintxe gogoratu naiz non utzi nuen bizikleta».

 

images

Eskale itsua

Bidaiari batek ikusten du eskalea limosna eskean dagoela, eta bere limosnatxoa eman ondoren hizketan hasi zaio:

    • Ez al duzu inor familiakorik?

    • Bai, badut anaia bat, itsua bera ere, baina gutxitan ikusten dugu elkar.