Mahai ingurua: jatorri aniztasuna Azpeitian.

 

Aniztasuna

Martxoaren 21ean Azpeitiko Sindikatu zaharrean etorkinekin harreman zuzena duten herriko eragileekin mahai ingurua egin zen.

Bertan Udalak, Urola ikastolak, Ikasberri Azpeitiko ikastolak, Iraurgik, Osakidetzak, Caritasek, Etorkizun Ekimenak, Emakumeen Txokoak eta Jauzika Aisialdiko elkarteak hartu zuten parte. Mahai ingurua Elkar-ekinek antolatu zuen eta helburua etorkinen inguruan eragileek egiten duten lanaren eta arazoen argazkia jendaurrean aurkeztea zen. Elkar-ekinekoak bukaeran pozik ziren, jendearen parte hartzea nahiko ona izan baitzen (50 lagun), eragileen parte hartzea eta elkarren arteko sintonia oso ona eta, orokorrean, aurrera begira lanean jarraitzeko eta ekimen berriak burutzeko gogoa nabarmendu zen.

Bakoitzak 7 minutuko hitzaldia egin zuen. Udaleko ordezkariak, Leire Etxaniz gizarte zerbitzuetako zinegotziak ondorengoa nabarmendu zuen: Lehenengo gauza, etorkinak herrira etorritakoan, udalera joan eta erroldatzearen garrantzia azpimarratu zuen. Erroldatuta gero hizkuntza ezberdinetan idatzitako liburuxka bat prestatzen ari gara (orain arte ez genuen), harrera protokoloa deitzen zaio. Etorri berriari harrera ondo egitea, integraziorako lehen pauso inportantea dela deritzogu. Gure herriaren berri emango zaie, gure hizkuntza eta kulturaren berezitasunak, herriko mapa bat emango zaie, dauzkaten zerbitzuak: Osakidetza, Lanbide, kirol eskaintzak, ikastetxeak, etab.

Etorri berritan ezberdina da euskararekiko jarrera, nondik datozenaren arabera. Hasieran, gehienean, ezkorra da, urduri datoz, baina baita ilusio askorekin ere. Lan bila datoz, herrian kokatu egin behar dute, askok gaztelaniaz ikasi behar dute. Egoera horretan euskara ikasteko beharraz jabetzea zaila da. Zentzu honetan ikastetxeek egiten duten lana azpimarratu zuen. Bestalde aipatu zuen Euskara Patronatutik egiten ari den lana, ikastetxeetako etorkin haurrei euskara ikastaroak ematen.

Emakumeen txokoan Marian Agirrek borondatezko lanean taldetxo bat zuzentzen du, 5 marokoar, portugaldar bat eta espainiar bat. Hiru urte daramatzate. Astean 2 ordu egiten dituzte eta askotan haur eta guzti etortzen dira. Euskarara hurbiltzea da helburua.

Herritarren artean zurrumurru asko dago kanpotar asko datorrelako (1.026 daude erroldatuak eta 23 bakarrik dira 65 urtetik gorakoak, beraz oso zahar gutxi dago). Azkenengo urtean igoera egon bada ere, Azpeitiko etorkinen bataz bestekoa ez da Gipuzkoakoa baino handiagoa, beraz ez da beldurtzekoa. Elkarbizitzarako eta integraziorako bitartekoak jarri behar ditugu.

Bestalde, diru-laguntzei dagokionez, argi utzi zuen diru-laguntzak banatzerakoan kanpotarren eta bertakoen artean ez zela bereizketarik egiten, beharren arabera banatzen direla alegia. Ondoren ematen diren diru laguntzen argibideak eman zituen.

Eusko Jaurlaritzak urtean 100.000 € ematen ditu, Gizarte Larrialdietarako Laguntza gisa, GLL (AES) deitzen zaio: 2013an, 126 herritarrek jaso zuten. Horietatik 57 izan ziren bertakoak eta 43.500 € eraman zituzten. Beste 69 izan ziren etorkinak eta 56.500 € eraman zituzten.

Azpeitiko udalak badauka bere poltsa ere, 2013an 207.000 €koa izan dena. 204 herritarrek jaso dute bertatik. Horietatik 109 izan dira bertakoak, eta 132.000 € jaso dituzte guztira; bestalde 95 izan dira kanpokoak eta 75.000 € jaso dituzte.

Diru-sarrerak bermatzeko errenta DBE (RGI) Lanbidek ematen du:
281 izan dira jaso dutenak guztira. Horietatik162 izan dira bertakoak eta 119 kanpokoak.