Agustin Unzurrunzagaren hitzaldia (II)

 indizea

Etorkinak krisiaren aurrean

Krisiaren eragina etorkinengan izugarria da. Etorkinak dira krisiaren zamarik gogorrena jasaten ari direnak. Kanpokoak bakarrik hartzen baditugu %40koa da langabetuen tasa, momentu honetan, bailarakoa %16koa den bitartean.

Pobrezia izugarri igotzen da indize guztietan: larria, erlatiboa, energetikoa… Gipuzkoan, etorkina buru duen familia, besterik gabe, pobreziaren arriskuan dago. Hala ere, langile aktiboen tasa askoz handiagoa da etorkinen artean. Ez dago ia jubilaturik eta umeak dituztenak gutxi dira. 16-60 urte bitartekoak dira gehienak. Jendearen pertzepzioa da, denak langabezian daudela, ze sasoiko asko ikusten baita kalean, aitzitik hemengo jubilatuak ikusten ditugunean inork ez du ezer esaten, normaltzat hartzen dugu. Beraz etorkin denak kontuan hartuta lana egiten duen jende kopurua handiagoa da egiten ez duena baino, adinak zer ikusi handia dauka, haurrak eta gazteak oso gutxi dira, eta jubilatuak ia inor ez. 1.026 etorkin dago Azpeitian eta 23 dira 65 urtetik gorakoak.

Momentu honetan populazioa galtzen ari da Gipuzkoa

Krisiaren ondorioz etorkinen kopurua asko gutxitu da. Estatuan: 2007an miloi bat etorkin sartu ziren, 2014an 300.000. Gipuzkoa da laguntzarik gehien ematen duena. Urola erdian %7 etorkin dago, Euskal Autonomia Erkidegoko bataz bestekoaren antzekoa. Estatuan %12koa da eta Kanariar uharteetan %33koa. Hau ikusita bistakoa da etorkinak ez direla prestazioen arabera mugitzen, lanaren arabera baizik.

Momentu honetan hemendik ateratzen den etorkin kopurua handiagoa da sartzen dena baino. Gehienak, berremigratu egiten dute, beste herrialde batzuetara, gutxi batzuek euren etxera doaz. Bertakoak ere badoaz Europara ikasketak bukatuta lan bila. Gipuzkoa populazioa galtzen ari da.

Denok gara nolabait arrazista

Arrazakeria beti izan da, denok gara nolabait arrazista. Lehen jatorriari asko begiratzen zitzaion, orain klasistagoak gara, diruarekin datozenei alfonbra ipintzen diegu eta txiroak bueltan bidali.

Zurrumurruek gora egin dute krisiarekin, eta logikoa da, bertakoa egoera latzak pasatzen ari da, egon ezinak eta zulotik irten ezinak eragindakoak dira. Baina krisiaren erruduna ez da etorkina. Aitzitik, historiak erakusten du, krisitik ateratzeko indar potentzial inportantea direla etorkinak.

Merkantzia merke bat bezala erabili ohi dira

Maiz pertsonak direla ahaztu ohi dugu eta merkantzia merke bat bezala erabili ohi ditugu, behar ditugunean hartu eta behar ez ditugunean bota.

Anbulatorioak, gizarte zerbitzuak, ospitaleak… Hemengoak baino gehiago erabiltzen dituztela entzuten da, baina gezurra da. 16 eta 60 urte bitartekoak dira ia denak lehen esan bezala, eta sasoi horretan zerbitzu horiek gutxiago erabiltzen dira.

Ceuta eta Melilan etorkinak tiroka hartu izana ilegala da, genozidioa, estatu Espainolaren politika kriminala da. 1.000 pertsona hiltzen dira urtero ahalegin horretan eta horrek apenas duen oihartzunik, inork ez du ezer egiten, ez dio inori bihotza ukitzen. Jendea etortzea oztopatzeko politika da. Neurriak zorrozten dituzte eta hildakoak nabarmen egiten du gora. Pasiboki bada ere onartu egiten ditugu, konplizeak gara. Lehenengo euren aberastasuna xurgatzen diegu, gasa, mineralak, etab. Kenduaz, miseriara eta gosetera eramaten ditugu eta mugetan harresiak jartzen dizkiegu gero.