Karnabalak

 

1327962468_content

Ez gara hasiko Inauterien historia kontatzen, luze joko liguke, izan ere, herri bakoitzak du berea, eta asko aldatzen da garai batetik bestera. Galarazi ohi ziren urteak ere ezagutu genituen. Festa egitea, irri egitea, ondo pasatzea, delitua zen nonbait.

Aurten eguraldiak ez du lagundu. Benetan mozorro gaiztoa hartu du aurten eguraldiak. Hala ere, ez du zapuztu festa. Gogoa dagoenean, ondo pasatzeko benetako gogoa, ez dago hemen festa geldituko duenik. Aurtengoa berezia izan da, inoiz baino hobea, azkenengoa izan ohi da onena-eta.

Beste norbaitez mozorrotzea, beste nortasun batez mozorrotzeko gogoa geure barnean daramagu, guztiok daramagu mozorro ezkuturen bat barnean, egunero. Bada inoiz mozorrorik kentzen ez duenik. Batzuetan zail ere egiten da mozorrotuak eta benetakoak bereiztea. Egunero, uneoro, mozorrotzen den asko dago gure artean. Guk bi egunetan bakarrik jantzi dugu.

Mozorroa geure benetako izaera ezkutatzeko estalkia da, lotsatien salbazioa. Pentsa, mozorroari esker, bi egunetan bederen aske sentitzen gara nahi duguna egiteko. Desmadratzeko baimena ematen du. Inauterietan libreago sentitzen gara, mozorroz estalita.

Kendu dugu mozorroa, agertu dugu geure benetako aurpegia, pasa dira inauteriak, bukatu da festa eta kale garbitzaileek kendu dituzte festa ondorengo kiratsak. Bueltatu gara normalitatera, bueltatu gara eguneroko errealitate gordinera. Hasi gara hurrengo urteko mozorroarekin pentsatzen. Bitartean, onak izan, eta eutsi goiari.