Agustin Unzurrunzagaren hitzaldia (I)

indizea

 Gai honekin zerikusia duen bideo bat ikusteko klikatu hemen

Jatorri aniztasunaren inguruko hausnarketak:

Etorkinen fenomenoaz hitz egiterakoan badirudi fenomeno berri baten aurrean gaudela, baina ez da horrela, migrazioa beti egon da historian zehar eta ez gaitezen aztoratu. Ez gaude fenomeno berri baten aurrean.

Ohikoa da belaunaldi bakoitzak pentsatzea berari tokatu zaiola kultura eta hizkuntza ezberdinekoekin bizi beharra. Baina emigratzea eskubide bat da, gizakiok beti pentsatu izan dugu munduko edozein lekutan bizitza hobe bat bilatzeko eskubidea dugula eta hala egin izan dugu ahal dugun guztian. Gehienetan idealizatu egiten da, paradisuaren bila goaz eta gero ezustekoak izaten dira eta txarrak gehienean. Egun, Afrikatik datoz basamortua eta itsasoa zeharkatuz, bizia arriskatuz. Orain dela 200 urte euskaldunak Montevideora joaten ziren, gizon batzuk esklabo eta beste batzuk soldadu, eta emakumeak hala moduzko ofizioetara. Orain Europara joaten da hemengo jendea ikasketak bukatuta lan bila.

Etorkinak beti izan dira eta izango dira

Migratzaileen patua beti berdina izan da. Bertakoek nahi ez dituzten lanak egiten dituzte leku guztietan, hemen ere horrela gertatzen da. Etorkinak beti izango dira, eta horrekin konbentzitzea garrantzitsua da, beraz bitartekoak jarri behar dira eta ikusi egin behar da, gai hau nola bideratu ahalik eta ondoen, ahalik eta arazo eta konflikto gutxien sortuz. Hezkuntzan, gizarte zerbitzuetan, lan munduan… Konfrontazioa ekiditea da garrantzitsua, elkarguneak sortu behar dira, elikaduraren inguruan, euskara eta kulturaren inguruan, kirolaren inguruan, bakoitzak bere herriko hizkuntza eta historiaren inguruan.

Beharrezkoa da harrera plana egitea

Bertakoen eta kanpotarren arteko komunikazio bideak jorratu behar dira. Lehenengo harremana oso inportantea da. Harrera plan bat egitea beharrezkoa da. Non dagoen kontatu, zer eskubide dituzten, zer betebehar… Denok etorkin garela da Instituzioetatik zabaldu behar den mezua. Denok garela azpeitiar.

Gure jarrera oso inportantea da, gu gara gehiengoa eta gu gara boterea daukagunak, ez dituzte guk ditugun eskubide guztiak, eta guk erakutsi behar diegu integratzea beharrezkoa dutela. Baina horretarako gehiengoak onartu egin behar du gutxiengoa. Gehiengoak (hemengoak) ez badu nahi, gutxiengoa ez da inoiz integratuko, beraz gure esku dago erantzukizun gehiena.

Atzerrira doanari beti interesatzen zaio bertan integratzea, bertara egokitzea, bertako hizkuntza ikastea, etab. Eurena galdu gabe noski.

Integrazioaren inguruan pausoak, luzera begira eman behar dira. Ez pentsa egun batetik bestera lorpen handirik ikusiko dugunik. Hirugarren belaunaldia integratu ohi da. Gaurko belaunaldia bertara ondo egokitzea da helburua.

Herri hau beti izan da anitza

Europarrak oso migratzaileak izan gara, Euskal Herria ere oso migratzailea izan da, beti izan da anitza, beti dago jendea integrazio prozesu baten sartuta eta hori ona da, bestela komunitate desberdinetan banatutako gizarte bat eraikiko genuke. Hau, arazo larriagoa izango litzateke.

Etorkinen ia erdiek baimena dute eta bertan gelditzeko asmoa, %80 beste 5-10 urtez behintzat bertan geratuko dira.

Bestalde, kopuruak moldatzeko modukoak dira, ez dira beldurtzekoak. Jendearen zurrumurrua eta pertzepzioa bestelakoa baldin bada ere. “Ikuspegik” jendeari egiten dizkion galderetan, kanpotarrak %25 badirela erantzuten dute, baina benetan %5,8 dago herri txikietan, eta %8 handietan.