Abortuaren legea

motza

Bilgune feministakoekin elkarrizketa (II)

Zer diozue gobernuak ezarri nahi duen abortuaren legeari buruz?

Abortuaren legeari buruz luze aritu gintezke. Gogoratu beharra dago 80ko hamarkadaren hasieran oraindik jendea espetxeratu egiten zela abortuak egiteagatik, edo abortatzeagatik. Antisorgailuak zigortuta zeuden eta klase pribilegiatuarentzat bakarrik zeuden eskuragarri.

Borroka ugariren ondoren 1985. urtean PSOEk abortuaren despenalizazioa suposatuko zuten hiru aukera ezarri zituen. Alde batetik amaren osasuna arriskuan egotea, bestetik umeak malformazioak izatea eta azkenik bortxaketa kasu baten ondorioz emandako haurdunaldia izatea. Gure gorputzen inguruko erabakiak tribunalen edo medikuen esku jarraitzen zuten.

Ondorioz abortu libre eta doakoaren aldeko borroka eta aldarrikapenek aurrera jarraitu zuten.

2010ean PSOEk, epe jakin batzuen barruan (12 asteren barruan), haurdunaldiaren borondatezko etetea onartzen zuen legea atera zuen. Hala ere, lege honek oztopo ugari ezartzen zizkien abortatu nahi zuten adin txikikoei, edo Nafarroan medikuek egindako “kontzientzia eragozpen” kanpaina dela eta abortatzea ia ezinezkoa da gaur egun oraindik, eta gutxiago zerbitzu publikoetan. Errekurtso ekonomiko gutxien duten emakumeengan eragin zuzena dauka honek, klinika pribatuetan abortuaren kostua ez baita txantxetakoa. Hau gutxi balitz, Gallardonek orain proposatu duen legearen bidez, 1985eko legea baino egoera okerragora itzuliko ginateke. Besteak beste umeak “malformazioak” dituen kasuan ere zigortuta egongo litzateke abortatzea. PPko gobernu atzerakoiak hipokresia galanta ezkutatzen du lege berri honen atzean: Umekiaren “bizitzeko” eskubidea aldarrikatzen dute emakumeen bizitza batere axola ez zaienean.

Abortu gehienak nahigabeko haurdunaldiaren ondorio dira. Hauek prebenitzeko hezkuntza afektibo sexuala bultzatzeko bitartekoei oztopoak jarri eta murrizketen bidez gutxiagotu egiten dituzte, nahi gabeko haurdunaldiak ugarituz eta gainera abortatzeko eskubidea ukatuz. Hainbat emakume ama izatera derrigortuz.

Horrez gain, “normatiboak” ez diren gorputzek ere (malformazioak dituztenak) bizitzeko eskubidea izan behar dutela aldarrikatzen dute, baina, era berean, laguntzak ukatzen dizkiete menpekotasun egoeran daudenei, eta hauen bizitza autonomoa eta duina izatea ezinezko egiten duen gizartea eraikitzen dute. Euren zaintzara lotuta geratuko den senideren bat egotea derrigorrezko eginez (emakumea izaten dena % 90eko kasuetan).

Lege honen bidez, abortatu daitekeen bi kasuetan, bortxaketa edo amaren osasuna arriskuan egotea, epailearen edo medikuaren esku geratzen dira emakumeen gorputzaren gaineko erabakiak. Lege honek emakumearen gorputzak estatuarenak balira bezala tratatzen ditu, eta esanahi sinboliko oso larria duela deritzogu honek. Ondorioz, duen esanahiagatik emakume guztioi eragiten digun erasoa da, bai umerik izan ezin dugunoi, praktika lesbianak ditugunoi, edota menopausia pasata dugunoi ere…

Garrantzitsua da lege honen onarpena eragoztea, eta hori dela eta egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitzen dugu.