Emakumeen ekarpenak gizarteari

images
 
                                      Gizartea kinka larrian geratuko litzateke
                                              emakumeek greba eginez gero.

 

Emakumeen arazoei buruz hitz egiteko Emakumeen Txokora joan gara eta galdera sorta bat egin diegu Bilgune Feministakoei. Hiru zatitan argitaratuko dugu elkarrizketa.
Nola ikusten duzue herriko emakumeen egoera: alargunak, emakumeen langabezia, emakume etorkinak, internak, datu zehatzik ba al duzue?

 

Bilgune Feminista: Egia esan ez dugu datu zehatzik ezagutzen eta honen inguruan azterketa sakonik ez dugu egin, interesgarria izango litzateke informazio gehiago edukitzea.

 

Emakumeon topaketak egin genituenean bertan izan ziren Baigerako kideek errealitate ezberdinak eman zizkiguten ezagutzera, baita Azkoitiko udalean lana egiten duen gizarte teknikari batek ere.

 

Emakume etorkinak ari dira, paperik gabe eta kontraturik gabe, egoera ezin prekarioan batzuk, zaintza lanen beharrean dagoen gure gizarte “aurreratuaren” gabeziak estaltzen. Pentsionista eta alargun asko ez dira hilabetearen bukaerara iristen eta neguan berogailua piztu gabe egoten dira fakturak ordaintzeko zailtasunak dituztelako. Familiako burua emakumea denean pobrezia larriaren kopuruak nabarmen egiten du gora, biderkatu egiten dira. Osasun publikoa ez dago hirugarren adinekoentzat egokitua eta are gutxiago adineko emakumeentzat.

 

Gure gizartea, kapitalismoaren logikan eraikita dago eta produktiboa ez denak ez du baliorik, pentsionistek edo etxeko lanetan aritzen diren emakumeek egiten duten ekarpena erabat gutxietsia dago. Gaur egun “gizartearen zahartzeaz” hitz egiten dute, zerbait kaltegarria eta larria balitz bezala.
“Pentsiodunak mantendu beharra” gizartearentzat “karga” bat dela irudikatuz.

 

Errealitatea ordea guztiz bestelakoa da. Hirugarren adineko emakume zein gizonek euren bilobak zaintzen ari dira, lanean ari diren, 40 urteko seme-alaben otorduak prestatzen dituzte, krisiaren ondorioen koltxoi bilakatu dira eta, batzuek, euren etxeetan hartu behar izan dituzte edo baita euren hipoteka bizkarrean hartu ere… Seme-alaben denbora falta dela eta hainbat kudeaketa egiten dizkiete, papeleoak, enkarguak, mesedeak, estresatzeraino batzuetan. Nolabait “produkzioan” lanean ari direnen beharrak asetzeko hamaika lan hartuak dituzte euren gain, “ongizate” gizarteak euren bizkar utzitako lanak. Kasu askotan euren gurasoen edo menpekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzaz ere arduratzen dira. Asko inoiz baino lanpetuago bizi dira.

 

Etxeko lanetan aritzen diren emakumeekin gertatzen den moduan ikusezina egiten da hirugarren adineko biztanleek (eta bereziki emakumeek) gizarteari egiten dioten ekarpena. Nolabait denon bizitzak duinago eta errazago izateko ezinbestekoak diren lanak egiten dituzte inolako errekonozimendurik gabe eta, gainera, gizartearentzat karga izatearen mezua jasan behar izaten dute etengabe. Jakintza eta esperientziari dagokionez ere erabat gutxietsiak daude.

 

Topaketetatik atera genuen ondorio interesgarrienetakoa hirugarren adineko emakumeek gizartearen eraldaketan joka dezaketen paper garrantzitsuarena izan zen.  Konbentzituta gaude benetako greba bat egingo balute gizartea kinka larrian geratuko litzatekeela.