Adinekoen etxe kolaboratiboak

huerta_art

Zahartzaroa, lankidetzan, elkarren artean bizitzeko era  bat.

Euskal Herriko biztanleria erritmo azkarrean doa zahartzen. Gaindegiaren arabera, 2030ean 65 urtetik gorakoak hirutik bat gehituko dira. 14 urtetik beherakoak lautik bat gutxiago izango dira. Beste datu bat jakite aldera: 2030ean 85 urtetik gorakoak gehiago izango dira 10 urtetik beherakoak baino. Alegia, euskal biztanleok gutxiago eta zaharrago izango gara. Beraz, urte gutxi barru adinekoek sortuko dituzten beharrak aurreikustea eta aurrez neurriak hartzea gure agintariek ere euren agendan lehenetsi beharrekoa izan behar luke.

Behar horiez beste batean hitz egingo dugu, gaur, adinekoen etxebizitza esperientzia batzuei buruz hitz egin nahi dugu.

Adinekoen etxe bizitza kolaboratiboak edo lankidetzakoak, Europako zenbait herritan (Suedia, Norvegia, Alemania, Danimarka, etab.) arrakasta izaten ari den esperientziak dira. Kuarteletako erregimena duten zahar etxeen, etxeko lau pareta artean edo ohiko tutoretzako etxeen alternatiba dira. Bakarrik bizi direnei, igogailurik gabe, zein etxean irisgarritasun arazoak dituztenentzako, zaintza behar partziala edo etxe behar larria dutenentzako soluziobide izan daitezke. Baita beren azken urteak, era autonomoan, lagun artean lankidetzan eta aktiboki igaro nahi dituztenentzako ere.

Hemen (Euskal Herrian) ahalegin batzuk egin badira ere, ez da aurrera pauso handirik eman.

Administrazioak, esnatzen hasi diren arren, nahiko atzera daude gai honekiko, eta oztopo ugari jartzen dituzte.

Legediaren arazoak daude batetik eta finantziazioarenak bestetik edo, ahal duen bitartean, familiak (emakumeak) beren zaharrez kargu egin behar duela pentsatzen jarraitzen dutelako bestetik, azken hau desagertzen doana emakumea lan munduan sartzen ari den heinean.

Finantziazioari buruz aukera ezberdinak daude, pribatuak, kooperatiboak, kontzertatuak etab. Edo euren etxebizitza propioa (handiegia eta arazoekin, txiki eta eroso baten truke) udalak permutatzen duenik ere bada.

Dena dela zerbitzu asko partekatuak izateak sortzen dituen abantaila ekonomikoak ikusten hasiak dira zenbait agintari eta zahartzaroan sortzen diren zenbait gaixotasun murrizteko balio dutela ere bai.

Zahartutakoan, lagun artean bizitzea, zeure kidekoekin ahal duzun heinean bizitza aktiboa mantentzea, independente izatea, zeure beharren araberako espazio eroso bat izatea, familiarentzat zama bat ez izatea, harreman soziala mantentzea, dira helburuetako batzuk. Honek guztiak adinekoa ahaldundu egiten du.

Familia bakoitzak bere etxetxoa du (bakarrarentzat edo bikotearentzat, guztiz hornitua eta irisgarritasun arazorik ez duena), bere intimitatea eta independentzia mantentzeko prestatua, baina aldi berean, jangela, egon gela, garbigailua, gimnasia, liburutegia, edo baratza konpartitua dute, eta behar izanez gero osasun zerbitzua nahiz zaintza ere bai. Hori bai eta garrantzitsua: kudeaketa autogestionatua da eta antolakuntza transbertsala eta parte hartzailea. Honek adinekoen autoestimua indartzen du.

Askok dio beldurra diola zahartzaroko bakardadeari. Amets bat litzateke azken urteak, horrelako leku batean eta lagun artean igarotzea. Utopia bat esango luke zenbaitek. Baina bistakoa da adinekoen artean lankidetzan gauzak egiteko joera gero eta nabarmenagoa dela. Bizitza aktiboa luzatzeko joera ere bai. Beraz, ondo pentsatzen jarrita, geure etxeak hutsak eta handiegiak bilakatu dira seme alabak etxetik irtetean. Izan ere, hemen, adin guztientzat etxebizitza berdinak egiteko joera egon da, eta horrek historiara pasa behar du.

Gure artean ere, heldu da garaia adinekoek ze motatako etxe bizitzak behar dituzten eztabaidatzen hasteko. Kalitatezkoa eta bizitza duina eskainiko duen zahar etxea behar dugu, noski, baina, osasun hobearekin zahartzen da jendea gaur egun eta osasun maila ona duten adinekoen etxe duinak, lankidetzan eta autogestioan izatea ere plantea dezakegu. Adinekoen antolakuntzan eta parte-hartzean egon daiteke hori lortzeko gakoa.

Informazio gehiago nahi izanez gero klikatu hemen.