Ume zuria
Euskal amerikano bat ba omen zen, Euskal Herritik Ameriketara lanera joan eta lan ugari egin ondoren artalde handi baten jabe egin zena. Morroi beltz gazte bat zuen laguntzaile. Jatorra oso! Nagusia eta morroia oso ondo konpontzen ziren elkarrekin.
Gazteak, bere garaian, bikotea aurkitu zuen eta ezkondu egin ziren. Handik denbora batera emazte gaztea haurdun jarri zen eta ilusioz egon ziren biak haurra noiz jaioko. Haurra jaiotzean pikutara joan ziren ordea morroi beltzaren ilusioak eta alaitasunak: haurra zuria jaio zen.
Eguna joan, eguna etorri gero eta okerrago, egunean baino egunean goibelago zebilen mutila.
Nagusiak deitu zion eta galdetu:
– Zer gertatzen zaik urrea baino ederragoko ume bat jaio eta hala goibeltzeko?
– Bai, arrazoi duzu, umea ederra da, baina ondo dakizu ni eta nire emaztea beltzak garela biok, eta haurra zuria jaio da. Haur hori ez da nirea.
– Baina, baina, zer susmo dabilzkik buruan? Hik ez al dakik artaldean ardi zuria eta ahari zuriaren artean ere arkume beltzak sortu ohi direla?
Morroia egon zen pixka batean pentsatzen, isilik, burumakur eta hala esan zion bat-batean:
–Ondo da. Ni ez naiz gehiago zure ardiekin ibiliko, baina ezta zu ere nire emaztearekin.
Txakur hila
Ane txikiari Pintto txakurra hil zaio eta negar batean ari da.
Aitatxo eta amatxo ari zaizkio ahaleginean, baina ezin dute inola ere kontsolatu.
– Tira –amak–, okerra ez da hainbesterakoa ere. Pentsa ezazu, Pintto seguru asko, han goian egongo dela, zeruan, Jaungoikoarekin primeran pasatzen.
Anek begietako malkoak xukatuz galdetzen dio amari erdi zotinka:
– Eta zer demontre egin behar du Jaungoikoak hildako txakur batekin?