1.080 €ko pentsioa guztiei bermatzeko sinadura bilketa.

IMG-20160323-WA0001

Banku eta multinazionalak irabazi erraldoiak eskuratzen dituzten garai hauetan Euskal Herriko pentsiodunen erdiak ez dira iristen hilean 600 € irabaztera. Bistakoa da aberastasuna ez dagoela ondo banatuta eta bidegabekeria honen aurrean zerbait egin beharra dagoela. Politikariek, orain arte, arreta gutxi ipini dute gai honetan eta gure ustez gizartearen eta pentsiodunen oinarrizko premiak bermatzea lehen mailako marra gorria izan behar luke hemendik aurrera.

1.080 €ko kopurua Europako Karta Sozialak aholkatzen duen gutxienekoa da, Euskal Herrian pentsio duin bat izateko. Gure ustez ere kopuru horrek gutxienekoa izan behar luke adinekoen txirotasuna eta prekarietatea eragozteko. Gasteizko Legebiltzarreko gure ordezkariek eta Eusko Jaurlaritzak euren aurrekontu publikoetan pentsio duin hau kontuan har dezatela eskatzeko ari dira sinadurak biltzen Euskal Herri osoan. Azpeitian ere martxoaren 22 eta 23an herriko plazan, Sanjuandegin eta anbulatorio aurrean egin dira sinadura bilketak.

Bestalde, hurbiltasuna eta gardentasuna ezinbestekoak dira pentsioen kudeaketan eta, horretarako, Babes Sistema eta Gizarte Segurantza propioak izatea proposatzen dugu. Gobernu zentraletik egiten dizkiguten erasoen aurrean (pentsio-izozte etab.ek gure erosahalmena murriztu eta bizi kalitatea eskastu dute) bide propioak urratzen, gaur bertatik hastea planteatzen dugu.

Sinadura bilketa eta antzeko ekimenetan parte hartzera gonbidatzen zaitugu.