Martxoak 8

Martxoak_8

Emakumeen borroka feministari esker, esparru pribatuan bakarrik egoteari utzi diogu, espazio publikora iritsi gara eta soldatapeko lan-munduan sartu. Hala ere, hor daude emakumeen bereizketak, hor oraindik “gizonentzako” eta “emakumeentzako” lanen banaketa horizontala. Eta hor jarraitzen dute emakumeak gehiengo garen sektoreetan erantzukizun eta ospe handienetako postuetara heltzea eragozten duten bereizketa bertikalak.

Hori guztia, neurri handi batean, esparru pribatuko jarduna alegia, etxeko lanak eta premia duten pertsonak (umeak, adinekoak, ezinduak) zaintzearekin lotutako egunean eguneko ongizatea emakumeon gain uzten delako da. Gauza harrigarriak eginda, geure interes pertsonalak (aisialdia adibidez) alde batera utzita, lo-orduak galduta, emakumeok besteen “etxeko bizimodua” ziurtatzen dugu geure bizimoduaren kontura. Emakumeok lanpostu bat lortzen dugun bakoitzean gizonezkoentzat arazo ez diren gauzak konpondu behar izaten ditugu, aita-amaginarrebak zaintzea, umeekin arduratuko dena bilatzea, familiako ezindua artatzea.

Lana eta etxeko bizimodua uztartzeko” orain arte erakundeek egin dituzten jarduera bakanak, ia beti emakumeoi zuzendutakoak dira. Dirudienez emakumeak gara bizitzako bi alderdi horiek uztartu ezin ditugun bakarrak.

Bistakoa da, emakumeok, zaintzaile nagusi izateaz aparte, zaintza gehien beharko dugunak izango garela, gure bizi itxaropena luzeagoa delako, horretarako baliabide publikoak, batez ere, eskasak direlako eta askoren diru sarrera bakarra alarguntasun pentsioa delako.

Gure ustez, denok daukagu, modu duin batean, inork zainduak izateko eskubidea. Baina, gai hau premian daudenak zaintzen ari diren pertsonen (%84 emakumeak) lan eskubideen ikuspegitik ere aztertu behar dela uste dugu. Eskubide hori sistema publiko eta unibertsalean artikulatu behar da, hainbat emakume dagoeneko egiten ari diren lana profesionalizatzeko eta duintasuna emateko.

Umeak, nagusiak eta ezinduak zaintzea, beraz, gizarte osoak hartu behar du bere gain: gizon-emakumeen ardura izan behar du, eta baita erakundeena ere. Amaitu beharra dago, zaintza premia dutenen atzean, bere lanaldia azkenik gabe luzatzen duen eta, atsedenari, bizimodu eta laneko proiektuari, eta askotan osasun fisiko eta mentalari, uko egingo dion alaba, iloba, erraina edo auzoko neskaren gain uztearekin. Amaitu beharra dago, baita ere, gizonezkoek, ezikusiarena eginez, etxeko lanetan eta premian daudenak zaintzeko orduan dagokien partea euren gain hartu gabe jarraitzearekin.

Ezintasunik ez duten eta euren kabuz baliatu beharko liratekeen gizonezko heldu askok, inoren bizkar (emakumeak ia beti) uzten dituzte beren zeregin asko, garbitasuna, otorduak, etab., eta noski euren gurasoen zaintza. Horregatik, premian dauden guztiek zaintza jasotzeko eskubidea eta zaintzaren sektoreko lan-eskubideak eskatzen baditugu ere, emakumeen derrigorrezko zaintzaren aurrean intsumisiorako deia egiten dugu.