Oroimen bizia

IMG_7574_1_content

AZPEITIKO AUZOAK XX. MENDEAN

Ez dago zalantzarik gure aiton amonek utzitako arrastoek eragina izan duela gugan. Denbora ez da alferrik pasatzen. Gaur garen bezalakoak gara atzo izan ziren bezalakoak izan zirelako. Gure sustraiak, nortasuna, kultura, hizkuntza… Etengabe aldatzen doaz, baina, oinarria, gure gurasoek baserrietan egiten zuten bizimoduan datza. Hargatik, baserriek eta auzoek, baserritarrak oro har, sekulako garrantzia izan dute gure historia hurbilean.

Egun, Baserria azkenetan dagoen honetan (baserria bera ere industrializatzen ari da) eta baserritarren azkenengo belaunaldia desagertzear denean, badu bere garrantzia gure arbasoen bizimodua liburu batean jasotzeak. Batetik, herri honen historiaren zati garrantzitsu bat jasotzen delako bertan eta, bestetik, herri honetako gehien gehienon arbasoak baserritarrak izan zirelako edo direlako. Izan ere nork ez du aitona, amona edo ahaideren bat baserritarra? Nor ez da egon txikitan edo… gaztetan baserrian?

Laxaro Azkuneren liburua ez da irakurri eta apalean gordeta edukitzeko horietakoa. Ziur, zer esana eta zer pentsatua emango diola liburuak bati baino gehiagori, eta familian edo lagunartean euren gaztetako pasadizoak edo gurasoek kontatutako istorio eta zertzeladekin beste liburu bat egiteko beste gertakizun egongo direla hor zehar.

Laxarok liburu mardula osatu du, baina bidean utzi duen arrastoa ez da nolanahikoa izan. Liburu batekin lortu daitekeen gauzarik politena eta aberatsena lortu du. Irakurleak irakurri ahala beste baterako izan litezkeen gaiak gogoratzen hastea. Irakurleak, protagonista, kontalari, (idazle?) bilakatzea. Zer gehiago eskatu diezaiokegu liburu bati.

Bejondeiala Laxaro!

Elkarrizketa:

Baigera: Ze balore aipatuko zenituzke Azpeitiko baserrietako jendearen bizimodutik?

Laxaro: Baserri giroan landu izan diren balioen artean daude auzolana eta premian dagoenari eskua botatzea, baita politika opinio ezberdina dutenen artean ere. Auzoak berak indarra izan du, auzotar sentimendua indartsua izan da ia auzo guztietan.

Baserriko kulturak erakutsi digu lurra, natura, zaindu egin behar dela hark ondasunak emango badizkigu. Eta ustiatzea bakarrik ez dela kontua, ondorengo belaunaldiei ere natura aberatsa utzi behar diegula.

Dena den, nahiko mesfidati sumatu ditut kaletik gaur egun ematen zaizkien mezu ekologista zenbaitekin. Kalean baliabide guztiekin eroso bizi eta baserrian bizi direnei aholkuak ematen hasi direnekin. Lehen ere eskarmentu asko izan dute aholkuak ematera etorri izan zaizkien kaletar jakintsuekin. Gaur egungoekin ere, antzera.

Kultura berezia du baserri inguruak. Indarra, norgehiagoka, lehia eta apustua oso presente egon dira, gizonezkoen artean batik bat. Lana bera bilakatu dute kirol. Jolasean hasi eta jokoan amaitzeraino, sarri.

Ba: Nolakoa izan da emakumearen papera baserriko bizimoduan?

La: Gizonezkoen eta emakumezkoen rolak nahiko definituta egon dira, gizartean oro har bezalaxe. Dena den, esango nuke baserrietako emakumeek izan dutela berezitasunik; beren autonomia zatia ere izan dute, beren ahaleginez ateratako dirua ikusten eta erabiltzen baitzuten. Horrek badu eragina haien nortasunean eta ahalbideetan. Horrez gain, emakumeak izan dira etxe askotako ekonomistak, etxe askoren sostengu. Gizonezkoek kirolean erakutsiko zuten indarra, baina emakumeek etxeari eusten izan dute kemena.

Teorian gizonezkoen eta emakumezkoen lanak bereizita bazeuden ere, emakumezkoek ia lan guztiak egin dituzte baserrian, ukuiluan, aitzurrean, aizkoran, segan, laian, igitai-lanean… eta baita etxeko lanak ere, haurrak ekarri eta hazteaz gainera. Behar bada gizonezkoak gutxiago sartu dira emakumezkoen lanetan, hauek gizonezkoenetan baino, salbuespenak badiren arren.

Ba: Liburuan nabarmen aipatzen da erlijioaren eragina, apaizari beldurra izateraino bereziki emakumeetan?

La: Bai, emakumeak gehiago estutu ditu erlijioak, gizonezkoak baino. Agian erlijiosoak, apaizak, gizonezkoak zirelako izan daiteke, baina batez ere gizarte guztia hala antolatuta zegoelako izan daiteke. Gizonezkoak behar zuen buru eta emakumea haren mendeko, gaizki ikusita zegoen ‘emakume prakaduna’. Gizonak etxean aginte gutxi baldin bazuen, “etxe horretan andreak dizkik prakak”, esango zen.

Apaizek gogor jo dute emakumeak estutzera; haiek erlijioaren sostengu izan daitezen ahalegindu dira, errudun sentitu arazteraino. Emakumeek hartu izan dute etxekoen erlijio ohituren ardura etxe askotan, elizetan maila bereko protagonismorik sekula izan ez badute ere. Emakumeak mendeko izan dira.

Ba: Nolakoa da baserriaren egoera gaur egun?

La: XX. mendearen azken hamarkadetatik gaur arte nabarmena izan da gizartearen kaletartzea. Baserriak indarra eta pisua galdu ditu gurean, ekonomian bezala kultur eraginean. Liburu honetan jasota gelditu diren usadio, joera eta bizi-baldintza asko galdu egin dira edo galtzeko zorian daude. Belaunaldi arteko talka edota jauzia ez da, noski, baserri munduaren kontua soilik. Baina hemen aipatzen diren hainbat kontu, ohitura, pasadizo edo hiztegi kontu ugari arrotz egingo zaizkie, seguruenera, gaur egungo gazte gehienei; denboran hain urrunekoa izan ez arren, ezagutu ez duten mundu baten erreferentziak baitira.

Ba: Zer azpimarratuko zenuke garai hori bizi izan zuten 60-70 lagun ingururekin hitz egin ondoren?

La: XX. mendean elementu asko azpimarra daitezke, baina agerian gelditzen direnak hauek dira, nire ustez:

  1. Gerra batek harrapatu zituen bete-betean eta horren ondorioak ez dira oraindik konpondu.

  1. Erlijioak eta elizak zuten balio zentrala. Haien aginduen arabera funtzionatzen zuen orduko bizitzak eta nahiko arau estuak zituzten. Dena den, asmatzen zuten dibertitzen ere.

  1. Familia oso ugariak; esan liteke norgehiagoka aritzen zirela nork seme-alaba gehiago ekarri. Baina, bestalde, Jainkoaren legeko seigarren agindua zen ia bekatu bakarra.

  1. Baserri nahiko pobreak ziren gehienak, baliabide gutxirekin, eta nolabait bizirik irautea zuten eginkizun nagusia. Gutxirekin konformatzen ziren; zer jana izanez gero, pozik.

  1. Hain familia ugarietan, normala bestalde, apaiz, fraide edo moja bidetik abiatu zen asko. Haietako asko izan dira gero inguruko eskolatuak, bide hura utzi ondoren.

  1. Eskolak ez zuen garrantzia handirik. Lana zen balio zuena, lanak aterako zituen aurrera.

  1. Lanean oso umetatik hezten zen, lanerako gai zen guztiak egin behar zuen lana, bakoitzak ahal zuen tamainan. Eta erantzukizunak ere oso gazterik hartzen ziren. Lanaren kultura oso sakon txertatu zitzaien.

  1. Baliabide gehiagoren jabe egin direnean ohartu dira eskola oso beharrezkoa dela gauza askotarako, baina berandu xamar konturatu dira.

  1. Beraiek izan ez duten eskola eman diete euren seme-alabei, baina ohartu dira eskolak ere ez duela etorkizuna ziurtatzen. Lizentziatu asko ikusi dute langabezian edo ez dagozkien lanetan.

  1. Aldaketa handiak bizi izan dituzte: erlijioa bizitzeko eran, lan egiteko eran, jende nagusiarenganako errespetuan, bizitzeko eran… Balioetan, azken batean. Ezer gutxi izatetik baliabidez ondo egotera pasatu dira asko, beraiek inoiz amestu baino gehiago.