Martxoak 8, emakume langileen eguna

martxoak 8

Duela 100 urte pasa, New York hiriko ehungintzako fabrika batean 140 emakume langile hil ziren sute batean. Sutea fabrikako jabeak eragin zuen emakumeek greba egin zutelako.

Grebarako arrazoia, oinarrizko eskubideak defendatzea izan zen: emakumearen parekidetasuna, botoa emateko eskubidea, lanpostuak izatea, baldintza duinak izatea, etab. Geroztik urtero gogoratu da egun hori mundu osoan, “Emakumearen eguna” deitu zaio eta beren borrokak ez du etenik izan.

Gauzak zerbait aldatu badira ere, oraindik, gauza asko dago lortzeko. Adibidez, erretiratuta dauden adineko bikoteetan , etxeko lanak banatzerakoan oraindik parekidetasuna oso urrun gelditzen da.

Baina bereziki salagarriak dira adineko emakumeen miseriazko pentsioak (emakumeen heren batek baino gehiagok 300 € eta 600 € arteko pentsioa dute). Ondorioz, pentsionista eta alargun askok zailtasunak ditu hilabete bukaerara iristeko eta, neguan, berogailua pizteko beldur dira fakturak ordaintzeko arazoak dituztelako. Hain zuzen ere, pobrezia larriaren kopuruak gora egiten du (datuek hala diote) familiako burua emakumea denean. Zer esanik ez adinean gora doan emakumea alarguna edo inoiz kotizatu gabea denean.

Bestalde, badirudi, adinekook, arazoak bakarrik ekartzen dizkiogula gizarteari. Adinekoen kopuruak gora egiten duen heinean pentsiodunen eta menpekotasuna dutenen kopuruak ere gora egiten du, osasun zerbitzuen gastuen igoera dago, etab. Gizartearentzat jasan ezina den zamatzat irudikatu da pentsiodunak mantendu beharra, errealitatea bestelakoa bada ere. “Ongizate” gizarteak ikusezinak diren lan asko ditu euren bizkar utzita: etxeko lanak egitea, bilobak edo zaharragoak zaintzea, seme-alaben otorduak prestatzea… Lan hauek guztiak beren gain hartu dituzte, baina hau ez da kontuan hartzen.

Produktiboa ez denak ez du nonbait baliorik, baina nork ordaintzen die emakume hauei, nork kotizatzen, noiz hartu behar du gizarteak aintzat hauen ekarpena? Noizko, zaintzan eta etxeko lanetan diharduten emakumeentzako prestazioak? Zer getatuko litzateke adineko emakumeek greba egingo balute?

Bukatzeko, adineko emakumeek jasaten duten indarkeria matxista salatu nahi dugu. EAEko biztaleen artean 60 urtetik gorako 13.000 adinekok jasaten dituzte tratu txarrak, eta horietatik 9.400 dira emakumeak. Tratu txarrak pribatuan eta isilpean jasaten dituzte, batez ere, euren burua defendatzeko ahalmenik ez dutelako, adinean aurrera doazen heinean. Irainak, diruaren kontrola, abusu sexualak, etab., erahilketa ez denean. Bidegabekeria larri honen aurrean ezin dugu bestaldera begiratu, duintasuna eskatzen dugu adineko emakumeentzat.