Behar sozialak Azpeitian 2014

img_4706

Nola sortu da azterketa hau egiteko premia?

Baigera Jubilatuen Elkartea arduratuta zegoen Azpeitiko jubilatu eta pentsiodunen artean zegoen egoera prekarioaz. Gipuzkoa mailako 2012ko Txirotasun Informea eginda zegoen, eta egileak Azpeitira ekarri genituen hori azaltzera, baina zabalegi dagoenez, ez baitu herri bakoitzeko errealitatea adierazten, gure herrian hori nola dagoen jakin nahi izan dugu eta datu horiek eskatzen hasi ginen herrian, udaletxean, eta harrera ona izan dugu oso, udalak bere egin baitu kezka hori eta azterketa hau aurrera eramatea erabaki.

Zein azterketa etxek egingo du eta teknikoki zertan gauzatuko da?

Udalak azterketa hau SIIS enpresarekin egitea erabaki du eta inkesta bidez egingo du. Inkestak aurrez aurre, etxez etxe egingo dira… SIIS enpresak azterketa honen fidagarritasuna %95ekoa izango dela dio. Horretarako, ia 500 inkesta egingo dira. Hori bera salto handia da, partaidetza aldetik, 500 etxebizitza ezberdinetan sartzea, hau da, lautik batean sartzea.

Diagnostiko horrek aurkitu beharko luke, Azpeitiko 14.000 biztanle horien artean zein diren sektore ahulenak, zein ari den sufritzen gehien, non dauden diskriminazioak, non dauden beharrak, eta, Baigeraren ikuspegitik, bereziki, jubilatu eta pentsiodunei dagokienean. Honek abiapuntua izan behar du, lehenbizikoa delako eta horrek berekin eskatuko du jarraipen bat izatea.

Bederatzi ataletan banatzen da inkesta:

1)Etxeko kideen, zein etxearen datuak

2)Etxeko kideen ikasketak, hizkuntzak…

3)Osasuna eta autonomia.

4)Jarduera, enplegua eta prestakuntza.

5)Diru sarrerak.

6)Etxeko gastuak eta egoera ekonomikoa.

7)Etxebizitza nagusiaren berezitasunak.

8)Gizarte harremanak, eta partaidetza herrian, zein politikan…

9)Pobrezia borrokatzeko politikak…

Atal bakoitzaren inguruan zenbait galdera egingo dira. Familiak/etxeak ausaz edo zoriz, aukeratuko dira. Eta, beraz, azterketa beraren emaitzak fidagarriak izateko denon parte hartzea beharrezkoa iruditzen zaigu.

Baigerak zer garrantzi ematen dio Azpeitiko udala egitera doan azterketa-diagnostiko honi?

Behar sozialak definitzen baldin badira, identifikatzen badira, horrek lehentasuna izan behar luke gero aurrekontu batzuk eratzeko. Herritarren partaidetzak berak eskatuko du, diagnostikoan agertutako behar horiek nola konpondu behar diren, era askotakoak izan baitaitezke. Lehentasunak markatu beharko dira.

Eta gure sailera etorrita, Azpeitiko 14.000 pasa biztanletik, 3.000 inguru dira 65 urtetik gorakoak. 3.000 horiei gehitu behar zaizkie urte horiek baino lehen pentsioa kobratzen ari direnak, aurre-jubilatuak, errelebo kontratuak. Horrez gain ezintasunen batengatik, lanean izorratu ondoren pentsio bat kobratzen ari direnak… Ez dakiguna da pentsiodunak gehi jubilatuak zenbat garen, igual gara 4.000 edo 4.500, ez dakigu. Diagnostikoak eman beharko luke datu hori.

Baigeraren ustez nolakoa da Azpeitiko jubilatu-pentsiodunen egoera?

Badakigu pentsiodun asko daudela 1.000 €ra iristen ez direnak, Azpeitian, ia erabat. Badakigu pentsiodun bat baino gehiago bizi dela gutxienekoarekin. Alarguntasunaren ondoren, gaur egun, badaude 400 € pasatxoko pentsioekin bizi direnak. Diputazioak egin duen azterketan jakin dugu, pobreziaren atalasea, edo “humbral de pobreza” delako hori, 840 €n dagoela.

Gutxieneko profesio-arteko soldata 620 €koa da eta, beraz, pobreziaren mugaren azpitik dago. Badakigu, lanean ari den gaztea ere txirotasunean bizi dela orduan, eta 840 €z azpitik kobratzen duten pentsionista guztiak ere txiroak dira.

Gazteen egoerak ere eragin handia izan du. Asko langabezian, etxearen hipotekak ordaindu ezinez, gurasoen etxera etorri direnak, hauen laguntza eskatzen dutenak…

Txirotasun era asko daude, energetikoa, kulturala,… mota askotakoak, baina errepara diezaiogun behin ere lan produktiboa, tailerretako lana egin ez duten emakumeen egoerari. Gaur pentsioa senarraren bidez jasotzen dutenak, edo alargundu ondoren ia ezer gabe gelditu direnak. Horien egoera zein da? Hori identifikatu beharra dago.

Azpeitiko herriak barneratuta al du arazo hau?

Dauden errekurtsoen banaketak ez dauka gizarte osoaren babesik, laguntza jasotzen duena markatuta dago. Guk orain arte intuizioz funtzionatu izan dugu, baina hori errealitatearekin kontrastatu behar dugu. Gipuzkoako azterketak adierazi zigun zenbait laguntza ez direla iristen, jendeak ez dakielako tokatzen zaionik, edo lotsatu egiten delako.

Hilero pentsioa jasotzea, ordea, normaltzat hartzen dugu. Zergatik ez dago maila berean onartuta gizartean, behar duenari, behar duen hori helarazi egin behar zaiola? Hori zuzendu beharra daukagu. Erakundeek beharra duten guztiei nolabait helarazi egin beharko liekete dagokien laguntza.

Guk badakigu fisikoki, lege naturala delako, 70-75 urte bitartean hasten dela pertsona goitik beheraka abiadura bizian, eta hor sortzen direla menpekotasun gogorrenak. 70-75 urtetik aurrera lautik edo bostetik bat menpekotasunarekin izango garela, graduak gora behera. Denok nahi dugu adin horietara iristea, bizi-iraupena luzatzea eta bizi-kalitateari eustea, baina bestetik horrek “kostu handia” duela esaten ari zaizkigu, honetarako eskubiderik ez bagenu bezala.

Lehen esandako zenbakien arabera, Azpeitian, agian, 4.000 jubilatu-pentsiodun inguru horietatik bostetik bat egon daiteke menpekotasunen batekin. Gero horiei eman dizkieten murrizketekin zer gertatzen da?

Menpekotasun fisikoa ez den beste menpekotasun bat ere badago, seme-alabak langabe utzi, edo errekurtso gabe utzi, soldata minimoekin lanean, beren proiektu familiarra sendotu ezinez, gurasoei laguntza eskatzen, eta horrez gain, askotan, jubilatuoi tokatzen zaigu gure seme-alaben egoera prekarioaren zama hartzea, haien umeak zaindu beharraz gainera.

Eta azterketaren ondoren zer?

Diagnostikoak dena ez digu emango, badakigu zer ez digun emango: zer baliabide izango ditugun gure bizitza duinago izateko, gure eta denon bizitza bermatzeko duintasun maila. Hori faltako zaigu, eta, beraz, hori izan beharko luke hurrengo pausoa: zein dira Azpeitian dauzkagun errekurtso errealak?

Azpeitiko azterketa hau udal mailan egiten den lehen ahalegina baldin bada, beste udalek ere gauza bera egin beharko lukete: errealitateari lotutako politika lokala gauzatzeko, kultura berri batean emandako urratsa izan dadin. Hori posible al da herri guztietara zabaltzea, eta herritar guztiak kontziente eta partaide izatea, herriko diskriminazioak, beharrak identifikatzeko orduan? Ate bat izan daiteke.