Uztailaren 12an 38 lagun izan ginen Errioxako mendi ibilaldian.
Azpeititik irten goizean goiz eta 10:00ak aldean La Poblacion, Nafarroako Errioxako herrixkara iritsi ginen.
Bertan “Leon Dormido” deitzen dioten mendiari bira eman, paisaia zoragarria ikusiz, eta Barriobusto herrira jaitsi ginen, hau Arabako Errioxan. Guztiak Logroñotik 10-15 kilometrora. Beraz, Araba, Nafarroa, Euskal Herria eta Riojako mugen inguruetan ibili ginen.
12:30 aldera Barriobustoko San Millan upategira. Bertan, ardo mota desberdinak, beltza, txuria, gorria, urtekoa, ondua eta erreserbak, azpiko upeltegian, nola egiten diren azaldu ziguten eta geuk eramandako gazta, txorizo eta ogiarekin dastatzeko aukera aparta izan genuen.
Ondoren, olioa egiteko herriko trujala edo errota erakutsi zigun, olio mota desberdinak nola egiten diren eta mota bakoitzaren elikadura eta osasun ezaugarriak adieraziz.
14:00ak inguruan, Labraza herrira joan, 4 bat kilometrora, harresiz eta dorrez inguratutako Erdi Aroko Nafarroako Erresuma zaharraren gotorlekua. Gotorlekuaren eta herriaren historia azaldu zigun bertako gai honetan adituan den jubilatu batek.
15:30ean, herriko tabernan, lehengo eskola zaharra berau, bertako Txirik eta Akerrak prestatu ziguten bazkari oparo eta gozoa, sarmientoan egindako arkume txuleta eta guzti.
Herri txikietan ohi den gizatasun jatorrez, zoragarri portatu zitzaizkigun bertakoak eta eskerrak guzti-guztiei.
Argazki gehiago “Gure argazkiak” leihoan.