Eskua zaurian

images‘Alardea’ hitza entzun orduko, ez dut zalantzarik denoi mugitzen zaigula zerbait barrenean. Horrekin batera datozen hitzak dira ‘normaltasuna’, ‘tradizioak’, ‘parekidetasuna’, ‘eskubideak’, ‘errespetua’… Urtean bi alditan gutxienez, ekainean Irunen eta irailean Hondarribian izaten diren alardeen aitzakian aireratzen direnak, baina berriz ere hozkailura bueltatzen direla dirudi, urte osorako. Gaiak berotasun handiena data horietan han hartzen badu ere, ez dago esan beharrik denoi eragiten digula, denoi ukitzen digutela hor erabiltzen diren arrazoibideek, alde bateko zein bestekoek.
Igandeko Berrian zetorren gai honen inguruko gogoeta interesgarri bat, Arantxa Iraolak sinatua. Hara hemen osorik

Eskua zaurian
Joan da Irungo alardea (Gipuzkoa) aurten ere. Murmurio bat besterik ez da. «Normaltasuna» nabarmendu dute gertaeraren harira atera diren hainbat albisteren tituluek. «Normal» desfilatu dute bi alardeek —parekideak eta andrazkoak soldadu gisara onartzen ez dituenak—; istilurik gabe desfilatu dutela esan nahi du horrek. Kezka eragiten du, ordea, oraindik ere istilurik eza albiste izatea, eta «normaltasunerako» bidean oraindik ere zeregina franko dagoela erakusten du.

Dudarik ez da: giroa, garai batetik, baretu da. Baina hunkidura eragiten du, oraindik ere, lehen urteetan Irunen eta Hondarribian —arazoaren muina bera da bietan— alarde parekidearen aldeko hautua egin zuten andre-gizonek jasan zuten jazarpena oroitzeak. Eta larrimina. Horregatik da artegagarria normal hitza horrenbeste, eta horren erraz, erabiltzea. Zinez, saihesteko moduko hitza da; zer esan nahi duen zehazten saiatzeak amaierarik gabeko eztabaida antzua dakar. Eta oraindik ere, gainera, gatazkaren seinaleak badira. Jai baten inguruan herri bat bereizita egotea, gogokoa ez den desfilearen aurrean keinu itsusiak egitea, udal agintariek alarde parekideko kideak arbuiatzea… Horiek guztiak aurten berriz Irunen jazo dira, eta, hala ere, hedabide askoren aldetik, horiek tituluetatik urruntzeko hautua egin da.

Zauria hor da, baina deserosoa da bertan eskua jartzea. Eta, osatzeko, zer egin daitekeen aztertu behar da. Boterean dauden udal agintariek, esaterako, ez dute oraindik alarde parekideen aldeko keinu argirik inoiz egin, eta, alde horretatik, alderdi politikoen erantzukizuna —ez udalean bakarrik, gorago begiratu behar da— agerikoa da. Baita herrialde eta erkidegoko instituzioena ere. Egin dituzte babes keinuak, eta egokia da hori. Baina zer pasatzen da uda igaro eta alardeak murmurio huts diren sasoi luzean? Zer egiten da, esaterako, Irun eta Hondarribiko eskoletan gaia jorratzeko? Zer kanpaina berezi sustatzen dira, propio, hautsitakoa konpontzeko? Zer sentsibilizazioa sustatzeko? Aski al da?



Irun eta Hondarribiko herritar askok egotzi izan dute arras dela zaila, «bertakoa» izan gabe, auzia ulertzea. Argudio hori bera erabili dute, sarri, talde politikoek epelkeriarako. Akaso, arazoa aztertzeko orduan, usu ez zaio behar adina erreparatu tradizioek, identitatea eraikitzeko orduan, duten garrantziari. Egia da: doinu bat, dantza bat, hitz bat… Emozioak goritzeko gai dira ikur asko. Baina munduko paraje guztietan da hori horrela; eta horrekin lotutako pentsakizunak aintzat hartu behar badira ere, letra txikia dira. Begiak bustitzeko gai dira, zinetan; baina horiek gabe, edo horiek eraldatuta, bizi gaitezke. Aldiz, letra larriz idatzi behar dira beste hainbat kontzeptu: eskubideak, errespetua, parekidetasuna, erantzukizuna… Bizi antolaketarako funtsezkoak horiek dira. Baita jaietan ere.

2014-07-06 / Arantxa Iraola