Etxerik gabe noraezean bizi den ijitoa naiz

P1010719
Maialen Akizu Bidegain (Urretxu)

Gipuzkoako Eskolarteko Bertso-eskolen Eguneko bertso jarrien irabazlea 14-18 kategorian. Argazkian kantuan ari dena.

“Etxerik gabe noraezean bizi den ijitoa naiz”
Doinua: Partida tristea Ternuarat

Nahiz eta guztiok garen
tik-tak soinuen testigu,
guri “etorkizun” hitzak
aspaldi alde egin digu.
Ze garapen, kontsumismo,
ze krisi eta ze diru?
Hamar gara familian
ez bat, ez bi ta ez hiru (bis)
Furgoneta kaxaz bete
ez logela, ez altzairu.
Su bat erdigune eta
parrillan lau-bat bisigu.
Gitarraren askatasun
ilargiaren gatibu.
Edozein izkina gure
etxe bihurtzen dakigu.

Gaur aitak hala esan dit:
“Hitz egin beharra daukagu.
Laister ezkonduko zara
merezi bezain ondradu”.
Txanpaina atera eta
irrifartsu nahiz afaldu,
salduta den gorputz baten
bihotzak zentzurik al du? (bis)
Ez nuke nahi ikasteko
dudan gogoa itzaldu,
biziak mundura sortu
ta nire bizia galdu.
Malko artean amonak
besarkatuz dit azaldu:
“Ahoa itxi behar duzu
eta bi hankak zabaldu”.

Bikote polita egiten
dugula dute berretsi,
eta zapiaren proba
egingo didate etzi.
“Heldu dira hamazazpi
urteko Joan eta Jesi”.
Orri idatzien aurkako
borrokak ez du merezi. (Bis)
Baina ez dut “payo” izan nahi
nahiz eta askok ez sinetsi.
Poz, alaitasun, musika
artean naizenez hezi,
horrela segiko dugu
hain bitxi ta hain berezi:
Gure munduan bilduta
munduangandik ihesi.