Oinarrizko errentak pobreziarekin amaituko luke

images
         Daniel Raventós

 

Daniel Raventós Bartzelonako Unibertsitateko Ekonomia irakasleari elkarrizketa
“Herritarren oinarrizko errentak pobreziarekin amaituko luke eta krisitik aterako gintuzke”

Jorge Otero
Público.es

Daniel Raventós (Bartzelona, 1958), Bartzelonako Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresako irakaslea, Espainian oinarrizko errentaren inguruan dagoen aditu handienetakoa da. Oinarrizko Errentaren Sarearen Elkarteko lehendakari gisa, urteak daramatza esaten, herritar orok, herritar izateagatik bakarrik, munduko eskubide guztia duela soldata bat jasotzeko –“baldintzarik gabeko diru-ordainketa”, deitzen dio berak–. Hasieran, zentzugabea irudi lezake ideia horrek, baina Raventósek uste du erabat posible dela diru-ordainketa hori.

Zer da Oinarrizko Errenta?

Oinarrizko errenta, baldintzarik gabeko diru-ordainketa da. Horrek esan nahi du, ongizate Estatuan gutxi asko orokortuak dauden diru-laguntzetan ez bezala, ez dagoela aldez aurreko baldintzarik bete beharrik hori jasotzeko, pobrea izan edo langabezian egotea adibidez: oinarrizko errenta duen Estatu batean, pertsona batek ez luke bete beharko inolako baldintzarik, herritar izatea edo ziurtatutako egoiliar izatea baino, lana egin zein ez.

Emilio Botín, Santander Bankuko lehendakariak ere oinarrizko errenta jasoko luke?

Kontabilitatearen aldetik ez dago inolako zalantzarik. Baina Botinek, zergetan ordaintzen duen baino askoz gehiago ordaindu beharko luke, oinarrizko errenta finantzatu ahal izateko.

Nola finantzatuko litzateke? Ekonomikoki bideragarria al da?

Hala da. Oinarrizko Errentaren Sarearen Elkartean hori frogatzen duten azterketa praktikoak egin ditugu. Hasteko, jendeak uste du, mundu guztiak, aberatsak zein pobreak, kobratuko balu, ezingo litzatekeela ordaindu oinarrizko errenta. Jendeak kalkulua egiten du, asmo onez, baina oker, hau da, oinarrizko errenta herrialde bateko biztanle guztiekin biderkatuz. Baina hori ez da horrela. Guk Kataluniako datu fiskalekin egin genuen simulazio bat, eta kalkulu horien arabera, IRPFaren erreforma sakon baten ondoren, eta zenbateko txikiagoa duten diru-laguntza eta laguntza publiko guztiak ezabatu ondoren, jende heldu guztiei, 7.968 €ko oinarrizko errenta ordain lekieke urteko Katalunian, eta 1593 € urteko 18 urtez azpiko adin txikikoei.

Nola atera zenuten zenbaki hori?

Oinarrizko Errentaren Sarearen Elkartetik eskura izan genituen 200.000 IRPF errenta pasa, hau da, krisi betean. Mikro-simulazio programa bat erabili genuen eta diru-bilketa handiagoa egin zitekeen IRPFaren erreforma batean bakarrik oinarritu ginen, Ogasuneko Teknikarien sindikatuari (Gestha) ere hartu genion ideiaren bat. Erreforma fiskala ezinbestekoa litzateke oinarrizko errenta izateko.

Mundu guztiarentzako oinarrizko errentak ez lituzke aberatsak mesedetuko?

Ezta pentsatu ere. Azterketa horretan gehien interesatzen zitzaiguna zen ikustea, oinarrizko errentarekin, nor ateratzen zen irabazten eta nor galtzen. Bada, biztanleen %70a, pobreenetik hasita, eta errentaren eskalan gora eginez, irabazten ateratzen zen, hau da, diru gehiago jasoko zuen. Herritarren %10a, aberatsenak irteten ziren galtzen, eta %15 eta %20 artean berdin ateratzen ziren. Diru-sarrerarik ez duena da benetan irabazten aterako litzatekeena: ezer ez jasotzetik, urteko 7.968 € jasotzera igaroko litzateke. Jar ditzagun adibide praktikoak: adibidez, pertsona batek 500 €ko pentsioa jasotzen du hilero. Kataluniarako kalkulatu dugun oinarrizko errenta 664 € izango lirateke hilero. Pertsona horrek 664 € gehi 500 € jasoko dituela esan nahi al du horrek? Ez, 150 € gehiago bakarrik jasoko lituzke, kopuruak ez baitira metatzen. 500 €ak  erabat ezabatuak geldituko lirateke, oinarrizko errenta baino txikiagoa delako. Orain alderantziz gertatzen da, 500 € jaso beharrean, pertsona batek 800 € jasotzen ditu pentsio modura, kopuru handiagoa beraz. Zer gertatuko litzateke kasu horretan? Berdin geratuko litzatekeela.

Berriro diot, bidezkoa al da aberatsek ere jasotzea?

Adibide bat jarriko dizut: ni Bartzelonako Unibertsitateko irakasle titularra naiz eta diru-sari publikoa jasotzen dut. Oinarrizko errenta jasotzeko zerga gehiago ordaindu beharko nituzke irabazten dudan lehen eurotik hasita. IRPFn orain egiten dizkidatenak baino deskontu handiagoak beharko nituzke, baina oinarrizko errenta ere jasoko nuke. 100.000 € jasotzen dituenak, gehiago ordaindu beharko luke bere IRPFan eta, agian, urtearen amaieran, diru gutxiago jasoko luke oinarrizko errenta jasota ere.

Kritika asko ditu oinarrizko errentak, zabalduena agian, alferrak mantentzeko bakarrik balioko lukeela.

Badago jendea langabezia sorospena kritikatzen duena. Haiek diotenez, horrek, lana bilatzen behar bezalako ahaleginik ez egitera bultzen omen ditu, baina kritika horrek ez du balio hain zuzen oinarrizko errentaren kasuan, baldintzarik gabea baita. Pentsa, langabeziako sorospen mugagabe bat lana izatearekin bateraezina litzateke. Seguru asko laguntza hori jasotzen duena ez da lana bilatzeko oso motibatua egongo: gauza bat bestearen ordez izango litzateke. Baina oinarrizko errentarekin, ez legoke horretarako arriskurik, oinarrizko errenta definizioz metagarria baita, lehen aipatutako zerga gehiagoren ñabardura guztiekin, baina beste errentei metatu daitekeena da. Oinarrizko errenta batekin, adibidez, jendeak askatasun gehiago izango luke, bere prestakuntzarekin, bere zaletasunekin bat datorren beste lan bat bilatzeko, eta gazte asko ez litzateke behartua sentituko halako lan baldintza miserableak onartzera, gaur egun gertatzen den bezala. Hori, oinarrizko errenta aspalditik bultzatzen dugunon ideiarekin bat dator: neurri horrek pobrezia kolpetik ezabatu ez ezik, herritarren zati handi baten askatasuna areagotuko luke.

Beste kritika oso zabaldua da, oinarrizko errentak emakumezko asko lanetik aldentzea eragingo luke.

Hasiera batean, zenbait emakume feministak zabaldu zuten arrisku hori. Baina emakumeei autonomia gehiago ematen dien emantzipatzeko tresna bat da oinarrizko errenta: gai da emakume askoren existentzia materiala bermatzeko, beren senarraren edo maitalearen mende egon beharrean, gaur egun zenbait dauden bezala. Beste zenbait feministaren ustez, etxean beren borondatez egotea eta sarri askotan emakumeak hain gaziki tratatzen dituen lan merkatua uztea, ez da inolako atzerapausoa emakumearen liberazioan.

Gizartean zer ondorio positibo izango lituzke oinarrizko errenta jartzeak?

Hasteko, asko gutxituko luke gaur egungo desberdintasuna. Neurtu dugu. Gure azterketaren arabera, Katalunia, Europan desberdintasun indize handieneko lurraldea izatetik, Norvegiaren pare jartzera pasako litzateke, hura baita gai horretan Europako herririk aurreratuena. Desberdintasuna neurtzen duen Gini indizea, 4,5 puntu jaitsiko litzateke. Baina badago beste eragin oso garrantzitsu bat, lehen adierazi dudana: pobreziaren atalasearen neurriko oinarrizko errenta jartzen baduzu, kendu duzu pobrezia.

Oinarrizko errentarekin, krisitik aterako al ginateke?

Bai noski. Oinarrizko errentak berekin behar duen zerga erreforma gehitu beharko litzaioke, eta horretarako baita zerga iruzurraren aurkako borroka gupidagabea ere. Bankaren kontrol efektiboa  beharko litzateke, eta horien zati handia publikoa izatea, paradisu fiskalen koordinazioa eta kontrolarekin ahaztu gabe. Beno, baina honek Errege Magoei egindako gutuna dirudi (barreak).

Uste al duzu oinarrizko errenta ezarri daitekeela egunen batean Espainian?

Oinarrizko errentak gizarte mailako kontsentsu zabala eskatzen du. Lehen baldintza, beraz, jendeak ezagutzea da. Orain ez da ezagutzen. Jende behar bezain esanguratsuaren babesa behar du ikuspegi sozial batetik.

Suitzak erreferenduma deituko du, bere herritar guztiei hileko 2.000 €ko oinarrizko errenta ezartzeko.

 
Horrela da. Nik ez dakit ekimenak aurrera egingo duen ala ez, baina ekimen honek beronek erakusten du, oinarrizko errentaren kontu hau egingarria dela benetan. Ez gara ari paradisu arraro batez hitz egiten, herrialde normal batez ari gara. Ez dut aurrez esan nahi izan, batzuetan jendea despistatu egiten baitu horrek bestela, baina oinarrizko errenta indarrean dago Alaskan (AEB) duela 26 edo 27 urtean. Ez dago era publikoan finantzatua, oso partikularra da egia esan, baina Amerikako Estatu Batuak bezalako herrialde indibidualista batean, hain izan dira positiboak bere ondorioak, inor ez dela ausartu, ezta Sarah Palin bera ere, Alaskako gobernadore izan zenean, hori kentzen. Gero, badaude beste esperientzia partzial batzuk: Mexiko Hirian, munduko hiri populatuenean, oinarrizko pentsio unibertsal bat dago, 68 urtetik gorako guztientzat, eta hori indarrean dagoen 10 urteak hain izan dira positiboak, inork, ezta hasieran horren aurka zegoen eskuinak ere ez duela hori kendu nahi.

Horren neurri progresista bat nolatan ez da hedabideetan gehiago agertzen?

Hori galdetzea, beste politika ekonomiko bat zergatik ez den egiten galdetzea bezala da. Lehen aipatu ditudan arrazoiengatik, aspaldiko urteetan aplikatzen den politika ekonomikoak, eta krisiarekin bereziki, herritarren arteko aberatsenei egiten die mesede. Oinarrizko errenta, beste politika baten ondorio izango litzateke, hau da, gizartearen gehiengoaren onerako politika aplikatzea izango litzateke, eta ez aberatsenen onerako bakarrik. Oinarrizko errentaren kontzeptua, zazpi edo zortzi urtetik hona ezagutzen den arren, ez dago herritarren artean oso zabaldua. Eta ez da borondate kontua, boteretsuenen onerako politika praktikan jartzen ari direlako daude, hain zuzen, politika honen aurka.

(Artikulu hau Baigerak euskaratu du)