Karta sozialaren aurkezpena

Nuevo Nombre y emaill-2

Baigerakoen ekarpena, otsailaren 22an Betharrandarren aretoan

Bistakoa da aurreko mendean lortutako eskubideen atzerakada: hezkuntzan, osasun zerbitzuetan, eta etxebizitza, pentsio, lan eta babes sozialetan. Krisiaren ondorioz batzuetan, eta haren aitzakian askotan, murrizketak egin dituzte eta atzeraka goaz.

Gizartearen atal handi bat txirotasunera kondenatu dute, langabezian daudenak batik bat. Hauetan emakumeen kopurua da gehiengoa, eta adinean aurrera doazen emakumeena azpimarratu nahi genuke. Langabeziaren ondorioz pobreziaren atarian jarri gaituzte herritar asko, ikasketak bukatutako gazte askok emigratzea beste irtenbiderik ez du.

Garai bateko “mileuristak” pribilegiatuak bilakatu dira. Lan prekarioa asko ugaldu da (aurrera begira ez du desagertzeko itxurarik), ondorioz txiro berriak agertu dira. Denon buruan zegoen pobrearen irudia (kalean eskean zegoena, edo zabor ontzietan jateko bila zebilena…) guztiz aldatu da. Lana egin arren etxebizitzako eta familiako gastuei aurre egin ezin dien familiak ugaldu dira, orain arteko ongizate mailari eutsi ezinda, ezkutuan daude, aurpegia ematea lotsa ematen dien bertako pobre berriak dira. Gurasoen pentsioa da sarri errekurtso bakarra.

Gazteek, independizatzea beti zaila izan dute, gaur ezinezkoa, independizatutako asko bueltan dator etxera. Biloben zaintza obligazio bilakatu da, geure gain hartu dugu (euren hipoteka ere bai batzuetan). Ume zaintzaren eta etxeko lanen ofizioa desagertu egin da, haurtzaindegiak gain behera doaz, gurasoak, eta amamak bereziki, doako zerbitzari bilakatzen dira behin eta berriz. Pikutara joan dira euren jubilaziorako ametsak.

Pentsioa kobratzea luxutzat hartzen da, pribilegio bat. Ahaztu egin dugu geure eskubidea dela, ondo kostata kotizatutako ordaina. Alegia, ez digula inork ezer oparitu.

Irtenbideak badaude: haurra edukitakoan ematen diren laguntzak (Europan bikoitzak dira) duinak izan behar dute eta haurtzaindegiak doakoak. Gurasoen lana eta zaintza ondo konbinatuko dituzten irtenbideak planteatu behar dira.

Adinekoen txirotasuna gora doa. Argindarra, ura eta gasa ordaindu ezin dutenak asko dira. Egoera hau ikusita, eta biztanle guztiek errenta banaketa justu batekin bizi baldintza duina bermatuta izan behar dutela kontuan izanda, Azpeitiko Baigera elkarteak gure herriko giza eskubide eta bizi baldintzen diagnostikoa egitea eskatu du. Adineko guztiona orokorrean eta emakumeena bereziki. Horren emaitzak erakutsiko digu zein diren herriko beharrak eta zer lehenetsi behar dugun, herritarrok eta instituzioek elkarlanean.