Kantu jira

captura

Duela urte batzuk ez zen lagun arteko edo familiako bazkari edo afaririk kantuan bukatzen ez zenik (iparraldean oraindik ere jarraitzen du ohiturak).

Jatordu ondoko postrea bezain garrantzitsua zen Mikel Laboaren “hegoak ebaki banizkion” edo “txori txikia nintzelarik” kantatzea. Bazen, mendian, lanean edo dutxan, noiznahi kantuan ari zenik. Historian markatuta gelditu ziren “Ez Dok Hamahiru” taldeko kantariak. Herriko taldeek eta abesbatzek arrakasta zuten.

Egun gauzak asko aldatu badira ere, bada oraindik kantatzea gustatzen zaionik, badira tarteka kantu saio ederrak egiten dituztenak. Hor dihardute hilero, bigarren larunbatetan arratsaldeko 19:30ean hasita kantu-jiran, kalez kale. Baigerakoek eta abesbatzakoek elkarrekin haize hotzari aurre eginez. Adinak ez duela umorerik kentzen eta eztarriak ere ez duela hutsik egiten ondo erakusten dute. Luzaroan jarrai dezatela horrelako ohitura sanoek.