Martxoak 8

emakumeakMikel Laboaren “Ama hil zaigu” kanta entzuteko klikatu hemen:

OMENALDI BAT GURE AMEI

Martxoaren 8an, egun bikaina egin zuen. Egunkariei begirada bat ematen hasi, eta hara, behingoz denok ados jarri garela ematen du: emakumeak zapalduta daude, lan berdinagatik %30 gutxiago ordaintzen zaie, langabezia tasarik handienak dituzte, euren gorputzarekin nahi dutena egiteko eskubide eske ari dira oraindik, etab., etab. Egun batean bederen, ados jarri gara, ez da gutxi.

Horrelako egunak protesta eta aldarrikapen egun izaten dira, elkarretaratze eta manifestazioak egiteko egunak, baina baita ospakizun, festa eta omenaldi egun ere.

Lerro xume hauen bidez, gure amak omendu nahi genituzke. Gerratea bizi izan zutenak, senarra gerrara Frankok eraman eta umeak hazi behar izan zituztenak. Are okerrago, senarrak edo etxekoak Frankoren aurka altxa baziren, bizirik gelditu zirenek, kartzelak eta erbestealdiak jasan zituzten-eta, okerragoak ez esatearren. Gerra ondorengo gosete gogorrak, haur heriotza tasa altuak, bizi baldintza ezin okerragoak, hezkuntza erlijioso estuenaren mende… Umeak sortzeko eta hazteko makina bakarrik ziren, ezertarako eskubiderik gabe. Bizitza zertarako den jakitera iritsi gabe, lanak itota bizi eta hil ziren gure amak omendu nahi ditugu.

8,10,12,14….seme-alabako familiak, gehi senarra eta gurasoak, familia osoa aurrera atera ezinik bizitza zertarako den jakitera iritsi gabe bizia eman zutenek merezia dute aipamen bat baino gehiago.

Baserrietan, etxeko lanak, ukuilu, soro, eta baratzeko lanak, produktuen azokako salmenta eta bezeroei banatzea… Makina bat ibili neketsu, inoiz aintzat hartu gabe, lan hauek beti izan dira-eta emakumearen gain.

Maiorazko-lege guztiz matxista baten erruz inoiz ezeren jabe izaterik izan ez zuten haiek. Beti gizona izaten zen baserriaren jabegoa zuena, senide gizonezko zaharrena eta gizonezkorik ez bazegoen emakumea kanpoko gizon batekin ezkontzen zen, suhia deitzen zaio honi, eta hura bilakatuko zen nagusi berria. Eta ezkontzekotan emakume askoren irtenbide egokiena maiorazko batekin ezkontzea zen, bestela gorriak ikusteko zegoen bizitzan.

Industrializazio garairik onenean lan munduan tokirik utzi ez zitzaienak eta fabriketan sartzea lortu zutenak, ezkondu orduko kalera botatzen zituztenak (horren lekukoak ba ditugu). Bankuan kartila edukitzea galarazita zeukaten emakumeak.

Ez kotizazio eta ez soldata, ezkutuko ekonomian ibili zirenak, herriko jauntxoen etxeko lanak egiten, alpargata josten, joskintzan, hoteleko zerbitzari, neskame, inude… Euren lana, euren bizitza ez du inork aintzat hartu, ez dira historiako liburuetan agertzen.

Gaur asko hilik daude, bizi direnak zahartuta eta bizi baldintza eskasetan daude asko, pentsio gutxirekin, hala moduzko etxeetan, bakarrik eta atentzio handirik gabe, injustizia galanta jasaten, ahotsik altxatu gabe.

Gure aitormenik zintzoena zor diegu gerraosteko emakumeei.

Hara hemen ondoren, kantaren letra

Ama hil zaigu

 Nere ama hil zait lanak itota

 lanaren amoreagatik hil zait

 zertarako dan bizitza

 jakitera iritsi gabe

 zertarako dan bizitza

 jakitera iritsi gabe

 izeba ere hil da era berdinean hil da izeba

 izeba ere hil da era berdinean hil da izeba