Asteko txisteak

indizea

Nahi duzuna pentsa ezazu

Aspaldi batean ba omen zen Aretxabaletako baserri bat, nagusia eta morroia zituena, garai hartan beste leku askotan bezala. Ondo konpontzen ziren nagusi-morroiak beren etxeko zereginetan. Normala denez, nagusia joan ohi zen feriara, hark egin behar baitzituen, baserrirako sal-erosketak ere.

Egun horretan feria eguna izan zen herrian eta nagusia hara joana zen. Beti ez bazen gehienetan, ukuiluko ganadu-lanak bukatutakoan etorri ohi zen nagusia. Egun horretan Joxe morroiak egin behar izaten zituen lan guztiak bakarrik.

Hor ari zen Joxe, ganaduak gobernatu, eta jezteko lanak egiten. Behi-jeztea garaia hartan eskuz egiten zen, ez zegoen artean jezteko makinarik.

Bazuten behi beltz bat jezten bihurri samarra zena, gehienean nagusiak jezten zuena baina egun horretan Joxek jetzi behar.

Joxe hasi zen behi beltza jezten, azkena, lan gehien ematen zuena baitzen. Ukuilu askotan ohi denez han ere ez zen euli faltarik eta behi beltza nahiko urduria zenez, gogor ari zen buztana dantzatzen euliak uxatu nahian. Ez zion Joxeri bakerik ematen, behin eta berriz ematen zion buztanaz aurpegian.

Amorrarazi zion eta ez bat eta ez bi hor erabaki du, behiari buztana goiko gapiriora lotzea, gero lasaiago jezteko. Jarri du jezteko aulkia behiaren atzean igo da gainera eta galtzak lotzeko bere gerriko lokarriarekin hor ari da buztana gapiriora lotzen. Lokarria kendu zuenean galtzak behera erori zitzaizkion, eta garai hartan galtzontziloak ere amak emandakoak izango ziren, hortik pentsa zer egoeratan ari zen Joxe.

Baina hori ez da ezer, egun horretan nagusia bestetan baino lehenago etorri edo Joxeri lanak gehiago luzatu, kontua da nagusia ukuilura sartu zela Joxe “zeregin” horretan ari zela, eta esaten dio:

–        Baina Joxe, zertan ari haiz? – ikusten zuena sinetsi ezinda.

–        Hara, nagusi, nahi duzuna pentsa ezazu egia esanda ez duzu sinetsiko-eta!

 aita santua

Erreuma

Hor dago txikitero bat egunkaria zabalduta eguerdiko hamabiak inguruan udaletxe azpiko arkupetan. Ikusten du herriko apaiz bat handik pasatzen, eta galdetzen dio:

–        Egun on, jauna! Zuek apaizok asko jakiten duzue-eta, esango al didazu, erreuma nondik edo zertatik etortzen den?

Apaiza, buruari azka eginez egon da minutu pare batean eta esaten dio serio:

–        Erreuma? Jeneralean bizi modu nahasi eta txarra eramateagatik etortzen da: gau parrandak, lizunkeria, mozkorkeria… eta horrelakoek ekartzen dutela esango nuke.

–        A, bai e? Ez nuen asko uste! Periodikoak dakar Aita-santuak erreuma daukala-eta…