LEHEN ARRETAREN KRISIA AZPEITIAN

Azpeitiko udaletxean Baigerak aurkeztu zuen mozioa da honako hau.

MOZIOA

LEHEN ARRETAREN KRISIA AZPEITIAN

Sarrera

  • Gogoan izan behar dugu, erakundeen erantzukizuna izen beharko lukeela: lehenbizi beharrak detektatzea, behar horiei zerbitzu integrala bermatzea, osasun publikoa indartzea eta prebentzioan eta lehen mailako arretan inbertitzea.
  • Kezkatuta gaude osasun politika osoa zalantzan jarri delako. Osakidetzatik ari dira eskatzen anbulatoriora ez deitzeko. Antigenoak norberak egin behar ditu etxean bere patrikatik ordainduta. Erantzukizuna herritarrengan laga al dute?
  • Arazo hau ez da adinekoena bakarrik, herritar guztiena baizik. Horregatik jotzen dugu udalarengana, azpeitiar guztien ordezkari gisa.

1. Lehen arreta zergatik eta zertarako?

  • Lehen arretaren funtzio nagusia, norbanakoak, pertsonak, osasun aldetik zaintzea izan behar du. Gaixotasuna zaindu eta prebenitu. Horretarako konfiantzazko lagun bat, medikua genuen, aholkatu eta gaitzei aurre egiten laguntzen ziguna, konfiantza ematen ziguna.
  • Pandemia aurretik hori zen lehen arretak zuen funtzioa, nahiz eta, tenkatzen hasia zegoen zantzuak ikusi: zenbait zeregin pribatizatzen ari ziren zurrumurruak, behar bezainbeste baliabide eta errekurtso ez zirelako osasungintza publikora bideratzen. Lehen arreta galtzean sistemaren zutabe nagusia galtzen dugu.

2. Pandemian zer?

  • Gabeziak azaleratu egin dira. Covid-19a gainera erori zitzaigunetik bi urte pasa dira jada. Azpeitiko anbulatorioko lehen arreta hankaz gora joan zaigu, maila handi batean. Telefonoa ezin hartu, zitak telefonoz eta espezialistarekiko orduak mugarik gabe atzeratu, aztarnariak, erizainak… falta. Medikuarekin aurrez aurreko gutxiago egiten dira eta egiten diren harremanak telefonoz izaten dira gehienak, horrek esan nahi duen guztiarekin. Beldurra eta ziurgabetasuna nagusitu dira.
  • Hau guztia gertatzen da, langile plantillak ez direlako pandemiaren egoerara egokitzen joan. Ondorioz, sendagileak falta dira, erizainak falta dira, mediku espezialistarik ia ez da etortzen, baja hartzen duenaren ordezkorik ez dago, oporrak atzeratu eta atzeratu ari dira… Lanean ari direnak, nola ez, erabat nekatuta, erreta daude eta zuzendaritzaren neurrien menpe, eta sarri askotan artatu behar duten jendearen aurrean errudun balira bezala agertuz.

3. EAE mailako gestioa nolakoa izan da?

  • Kosmetika asko, baina neurri estrukturalik ez, edo gutxi.
  • Nabarmen ikusi da osasuna eta ekonomiaren arteko tentsioa egon dela. Azken neurrien arabera ez dirudi osasuna lehentasuna izan denik.
  • Eta tentsioa egonda zientzia eta politikaren artean ere. LABI profesionalizatu egin da, politikaren interesen arabera eta ez zientziaren arabera. Ez dago talde independenterik ez analisietan, eta ez erabakietan.
  • Lehen arretak eztanda egin du. Aurreko olatuen ondoren neurriak arindu zituzten eta orain lehertu egin da, ez baita behar zen baliabiderik jarri. Une honetan, premia larriagoen aitzakian, lehen arreta utzi egin da, aditu guztiak lehen arreta indartu behar dela esaten ari badira ere.

4. Zein dira ondorioak?

  • Zaila da neurtzen atentzio eta diagnostiko faltak zer ondorio ekar ditzakeen epe ertain edo luzean, baina ziurra da ondorioak izango dituela.
  • Pandemia hasieran uler zitekeen iritsi ezinik eta noraezean ibiltzea, gaitz ezezaguna zelako mundu guztiarentzat, baina bi urte pasatu ondoren egoera okerragoan egotea uler daiteke?
  • Agertu dira sistemaren ahulezia eta prebentzio falta, beraz gertatzen ari denaren diagnosi garbi bat izateko auditoria independente bat beharko litzateke.
  • Honela, herritarren konfiantza galtzen ari da, osasun sistemaren zutabeetako bat kolpatua izaten ari baita. Osasun aseguru pribatuei begiratzen hasi da jendea. Mehatxu argia osasungintza pribatizazio bidean jartzeko. Osasuna merkantilizatzeko bidean gaude; ahal duenak ahal duena eta gizartean gero eta arrakala handiagoa.
  • Gardentasunik ez da ikusten. Omicrom deitu aldaeraren azken erasoan ikusi da, argi asko, erakundeen atzerakada. Azken berrien arabera, datuak ez dira ezagutzera emango eta positiboak ez dira kontabilizatuko.
  • Argi dago pazienteekiko sortu den segurtasun eza, konfiantza galera eta sufrimendua. Eta hau herritarrengana zabaldu da. Gainera herritarren sektore zaurgarriena baztertu da harreman bideak Internet bidez ezarriz.

5. Udalaren ardura.

  • Azpeitiko udalak, Eusko Jaurlaritzari exijitu behar dio, azpeitiar guztien izenean, osasun baliabide eta langile gabeziak osa ditzan, horrek eskatzen duen inbertsio ekonomikoarekin.
  • Lehen arreta indartu behar da, egituratu eta behar den baliabidez osatu. Pertsonak behar du erdigunean, eta osasuna zainduko duten profesional konprometituak behar ditugu.
  • Urrian kanporatu zituzten 4.000 profesional sanitario, gehi aztarnariak berriro hartzea.
  • Antigenoak doan. Gardentasuna nahi dugu.
  • Baliabide ekonomikoak behar dira, aurrekontu mailako neurriak. Europan, batez beste, BPGaren %7 ari dira gastatzen eta Espainian %6 inguru. EAEn %4,9 baino ez. Mendebaldeko herrialde aberatsetan, ospitaleetan, batez beste, 1.000 biztanleko 4,7 ohe badira, EAEn 3,64 dira. Azken urteetan beheranzko joera nabarmena du gainera. Gainera, Osakidetzako hamar langiletatik sei behin behineko egoeran daude, hots, 24.600 langile dira behin behineko; horietatik ia 9.000, duela zortzi urte edo gehiago ari dira lanean.
  • Munduko Osasun Erakundeak dio lehen arretan gastatu behar dela Osakidetzako aurrekontuaren laurdena. Aurrekontu horren %25a lehen arretara bideratu beharko litzateke. Hemen hortik oso urrun gabiltza.
  • Bestalde, osasun langileei entzun behar zaie. Oso mesedegarri litzateke guztiontzat, pazienteentzat bereziki. Lan baldintza ez duinetan aritzearen ondorioak langileek jasaten dituzte, noski, baina baita pazienteek ere, zerbitzuak azken batean.

Azpeitia, 2022-01-18