Azpeitiko 80 urtetik gorako adinekoen ikerketa

Baigeraren prentsa-oharra:

Azpeitiko Udalak Baigera jubilatuen elkartearen eskariz 80 urtetik gorako adinekoen bizi baldintzak ezagutzeko egindako ikerketa oso garrantzitsua dela deritzogu, izan ere adinekoak orokorrean eta bereziki urteetan aurrera doazenak (80 urtetik gorakoak adibidez) bazterkeriako egoera larrian izateko arrisku handia duen sektorea da. Ikusezin bilakatu ohi da askotan eta gizarteak erraz begiratu ohi du beste aldera. Eta gainera, gehienetan familiako emakumeak hartu izan du bera zaintzeko ardura.

Ikerketa honekin Azpeitiko 80 urtetik gorako adinekoen egoera ekonomikoa, bakarrik bizi diren pertsonen egoera, lotura afektiboak, autonomia, bakarrik moldatzeko gaitasuna, etxebizitza ezaugarriak, osasun egoera, prestazioen inguruko ezagutza, etab., ezagutu dira. Beste arazo bat bakardadea da, larritasunik sumatu ez bada ere. Behar hauei aurre egiteko laguntza espezifikoak eskaintzea lehentasuna izan behar du gure ustez.

Gure ustez ekimen honekin Udalak herritarrengana hurbiltzeko pauso garrantzitsu bat eman du, adinekoak Udaletxera joan zain egon beharrean, berak eman du pausoa eta etxez etxe joan da 80 urtetik gora dituzten 337 familiatara, bertatik bertara euren errealitatea ezagutzera. Udalak gertutasuna adierazi die, eta beharrizanak detektatu diren kasuetan hainbat esku hartze jarri du martxan.

Aipatzekoa da Udal teknikariek etxeetan jaso duten jarrera, atea ireki eta guztiek esku zabalik hartu baitituzte.

116 familia gelditu dira elkarrizketatu gabe, 64 pertsonek ez dute parte hartu nahi izan, eta beste 52 telefono okerra medio elkarrizketatzea lortu ez dutenak.

Iritsi ez garen familiek benetan kezkatzen gaituzte, ezin gara lasai gelditu familia hauekin harremana lortu arte. Baigerak dei bat luzatu nahi die familia hauei Udaleko gizarte zerbitzuetara edo Baigerako bulegoetara hurbil daitezen.

Baigeraren partetik, Udaleko gizarte zerbitzuetako zinegotzia, bertako teknikari arduraduna, eta etxez etxe ibili diren bi teknikariak eskertzea eta zoriontzea dagokigu egin duten lanagatik. Aurrera begira ere, esku artean ditugun erronkei elkarlanean eta sintonia berean erantzuten jarraitzea espero dugu.

Ikerketa honi esker konturatu gara Azpeitiko biztanleriak oso zahartze erritmo azkarra daramala. 2016 bukaeran 65 urtetik gorakoak biztanleriaren %20,7 baziren 2.031 %31 izatea aurreikusten da. Beraz, gure erakundeek: Udala, Aldundia, Jaurlaritza, eta abarrek gaurtik hasi behar lukete etorkizuneko beharrak aurreikusten eta baliabideak prestatzen.

Ikerketa honi buruzko datuak Baigerako webgunean (https://baigera.net/), edo Azpeitiko udaleko webgunean daude.